Pin. Whatsappeko mezuaren jakinarazpena iritsi orduko nagusitu ohi da pantailari begiratzeko tentazioa. Eta zenbat metro ditu Txindoki mendiak? Aise eskua sakelara. Googlek izango du erantzuna. Erabat hedatuta dago eskuko telefonoen erabilera, baita haurren eta nerabeen artean ere. Alabaina, joera horrek eragin du kezka bat azkenaldian, eta ahotsa altxatu dute zenbaitek, Altxa Burua mugimenduaren babesean: ikastetxeak sakelako telefonorik gabeko arnasgune izateko eskatu dute. Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean ere aritu dira gaia aztertzen.
Aspalditxoan piztuta dago eztabaida: eskoletan eskukoak bai ala ez; eta erantzuna baietz bada, noiz, nola eta zertarako. Eusko Jaurlaritzak ikastetxe bakoitzaren esku utzi zuen erabakia, urtea amaitzerako arautzeko eskatu zuen, eta berriki ezagutarazi dituzte prozesuaren emaitzak: Lehen Hezkuntzan, %83k eskolako eremu osoan debekatu dituzte sakelakoak, erabat; %14k, berriz, erabilera pedagogikorako onartu dituzte, horretarako baino ez. DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailetan, eskola publikoen %36k jarduera guztietarako erabateko debekua ezarri dute, baita itunpekoen %47k ere.
Ziberjazarpena murrizten da, ikasleen arreta gaitasuna hobetzen da, errendimendu akademikoa hobetzen da, ikaskideek hartu-eman gehiago izaten dituzte elkarren artean... Bata bestearen atzetik erreskadan zerrendatu ditu Telmo Lazkano Altxa Burua mugimenduko kide eta osasun eta hezkuntza digitalean adituak ikastetxeak sakelako telefonorik gabeko «arnasgune» bihurtzearen onurak. «Asko dugu irabazteko, eta ezertxo ere ez galtzeko».
Alabaina, ez du begi onez ikusi Jaurlaritzak erabakia ikastetxe bakoitzaren bizkar utzi izana: «Ondo dago hausnarketa bultzatzea, baina dekretu bat behar da». Izan ere, Lazkanoren irudiko, ezin da tokatu zaien eskolaren araberakoa izan ziberjazarpena jasateko aukera gehiago edo gutxiago izatea edo datuak babesteko berme handiagoa edo gutxiago edukitzea. Gainera, ziurtatu du horrela egiten dela gainerako herrialdeetan eta autonomia erkidegoetan. Eta zera ohartarazi du: «mendekotasuna sortzeko» diseinatuta dagoen teknologia dela. Horregatik, dio ezin dela ardura guztia erabiltzaileengan utzi: «Ez eskatu nerabe bati erabilera arduratsu bat, egin ezin duenean, mendekotasuna sortzen duen zerbait baita. Guk, noski, hezi behar ditugu, eredu eta bidelagun izan behar dugu, baina instituzioek ere parte hartu behar dute; eta parte hartzen ari dira, baina beste leku batzuetan hemen baino askoz gehiago».
«Gu ez gaude ezeren kontra, baizik eta adingabeen garapen osasuntsuaren alde»
TELMO LAZKANOAltxa Burua mugimenduko kidea
Erabilera mugatzearen alde egin duten eskoletako bat da Amurrioko Zaraobe institutua (Araba). Kezka batetik abiatu ziren, Miren Biteri ikasketaburuaren ondokoak azaldu duenez: «Badira urte batzuk kezkatuta gaudela. Duela sei edo zazpi urte hasi ginen nabaritzen ikasleak gero eta gehiagotan ospitaleratzen zituztela, autolesioak ikusten hasi ginen —aurrez ez genituen inoiz ikusi—, eta suizidio protokoloak ere jarri ziren martxan. Batez ere azken urte hauetan, arreta falta izugarria sumatzen genuen».
Horiek horrela, kode etikoa ondu zuten, eta sakelakoak etxean uztearen aldeko apustua egin zuten: «Gure eskola mugikorrik gabeko arnasgune bihurtu nahi dugu; mugikorra ez dugu ezertarako nahi». Izan ere, frogatua dute ikasleek telefonoa eskuan edo poltsikoan dutenean arreta galdu ohi dutela: «Ikasketa prozesuan sartzen baditugu, jada ez dugu ikasleen arretarik izaten, gailuek dute arreta hori, gu baino erakargarriagoak direlako. Dena dago sartuta horietan: musika, kolorea, mugimendua, jokoak... Gu ezin gara horrekin lehiatu».
«Gure eskola mugikorrik gabeko arnasgune bihurtu nahi dugu; mugikorra ez dugu ezertarako nahi»
MIREN BITERIZaraobe institutuko ikasketaburuaren ondokoa
Debekatu debekatzen dute, baina parada probestu dute harago joateko, kontzientziazioa bultzatzeko; hots, ekiteko ez ezik, ikasleengan eragiteko: «Saiatzen gara gaia curriculumaren barruan lantzen, ikasleek jakin dezaten oso gai garrantzitsua dela eta denok batera joan behar dugula». Adibidez, ikastaroak antolatzen dituzte, eta zenbait ikasgaitan gaiaz hausnartzen dute. Gainera, bidea ez dira bakarrik urratzen ari; ikastetxeak eskualde mailan elkartu dira, publikoak eta itunpekoak, eta beste eskualdeetan ere sinergiak bilatzeko deia egin du.
Elkarlanerako deia
Baina beste zenbait gairekin gertatzen den eran, honetan ere eskolak bakarrik ezin du; garrantzitsua da nerabeak etxean ere heztea. Horrenbestez, gurasoak ere protagonista dira Altxa Buruan. Tartean da Miren Ros, Zarauzko (Gipuzkoa) taldearen sortzaileetako bat. «Gure seme-alabei eskuko telefonoa emateko momentua ahalik eta gehien atzeratu nahi genuen». Ikusten zuten gizartearen presioak bultzatzen zituela erostera, bakarrik geratzeko beldurrak, eta horregatik erabaki zuten batzea duela sei bat urte. Lanak eman ditu fruituak: «Garai hartan, DBHko lehen mailara pasatzen ziren ikasle gehienek —denek ez esateagatik— sakelakoa zeukaten, 12-13 urterekin, eta, gaur egun, adin horretako ume ia denek ez daukate; DBHko bigarren mailan, adibidez, %70ek ez daukate».
Rosek bi alaba ditu; 13 urtekoak oraindik ez du eskukorik; 15ekoak, berriz, bai. Behin gailua emanda ere, lanean jarraitzeko beharra ikusten du: «Etxean asko hitz egin beharra dago: ez dela tresna neutro bat, ondo erabiltzeko gutxieneko heldutasun bat eduki behar dela...».
«Etxean asko hitz egin behar da: ez dela tresna neutroa, gutxieneko heldutasun bat eduki behar dela...»
MIREN ROSAltxa Burua mugimenduko gurasoa
Eskolak, familiak eta, oro har, gizartea. Hortxe gakoa, sare bat ehuntzea denen artean. Egun, 20.000 familia inguruk bat egin dute Altxa Buruarekin, baina Lazkanok nabarmendu du harago doan mugimendu bat dela: «Eskola askok egin dute bat, kirol talde dezentek, udalek... Azkenean, gizarte mugimendu bat da, eta ateak parez pare ditu irekiak gure balioekin eta helburuekin bat egiten duen edonorentzat, baita erakundeentzat ere». Nabarmendu du, halaber, adin txikikoen ongizaterako bidea marrazteko ezinbestekoa izango dela elkarrekin aritzea: «Gu ez gaude ezeren kontra, baizik eta adingabeen garapen osasuntsuaren alde, eta bide horretan topatuko gara ziur».