«Sakelako telefonoek ezkutatzen dutena» agerian utzi nahi du Alboan elkarteak

Kanpaina bat antolatu dute teknologiaren eta Kongoko gatazkaren arteko lotura azaltzeko.Legea aldatzeko, sinadurak biltzeari ekingo diote

Alboaneko Alicia Aleman, Jose I. Egizabal eta Virginia Basurto. M. DEL VALLE / ARP.
gotzon hermosilla
Bilbo
2014ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Tantalioa, tungstenoa, eztainua eta urrea oso erabiliak dira sakelako telefonoak, ordenagailu eramangarriak, argazki kamera digitalak eta antzeko gailuak egiteko. Kongoko Errepublika Demokratikoa munduko ekoizlerik handienetako bat da gai horietan; datu zehatzik ez badago ere, zenbait kalkuluren arabera, mundu osoko erreserben %80 daude herrialde horretan. Baina hortik ateratzen diren etekinak talde armatuek erabiltzen dituzte askotan finantzabide gisa.

Horregatik, kanpaina bat abiarazi du Alboan gobernuz kanpoko erakundeak. Zeure mugikorrak ezkutatzen duena du goiburu, eta xedea da «sakelako telefonoen eta Kongoko indarkeriaren arteko lotura» agerian uztea, eta, ahal den neurrian, etetea.

«Kongoko Errepublika Demokratikoaren gatazka oso korapilatsua da», azaldu du Alboaneko kide Alicia Alemanek, «eta baliabideen ustiapena ez da gatazka horren sustrai bakarra, baina bai talde armatuak hornitzeko iturri garrantzitsua. Gure helburua da baliabide horiek ez daitezen erabili basakeria eta genozidioa finantzatzeko».

Xede zehatzak

Helburu orokor horren abaroan, xede zehatzagoak ere ezarri dituzte Alboaneko ordezkariek, Europako beste zenbait elkarterekin batera. Hasteko eta behin, Europako legerian aldaketak sartu nahi dituzte, enpresek «gatazkarik gabeko teknologia» erabiltzen dutela bermatzeko.

Gaur egun badago mahai gainean proposamen bat, Europako Parlamenturako hauteskundeen aurretik plazaratua eta datozen hilabeteetan eztabaidatukodutena, lau mineral horiek giza eskubideak errespetatuz eta Kongoko Errepublika Demokratikoko talde armatuen sareetatik kanpo eskuratzen direla bermatzeko, baina proposamena, gaur egun idatzita dagoen bezala eta aldaketarik sartu ezean, enpresen borondatearen arabera utziko litzateke hori. Gobernuz kanpoko erakundeek, berriz, arau bete beharrekoak nahi dituzte. Eskaera horren alde sinadurak bilduko dituzte datozen hilabeteetan.

Bigarrenik, enpresen jarduera balioesteko irizpide homogeneoak erabiltzeko eskatzen du Alboanek, eta irizpide horiek OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak ezarritakoak izatea proposatzen du.

Amaitzeko, laguntzak eskatzen ditu prozesu guztia modu egokian bideratzeko: esparru horretan diharduten Europako enpresa txiki eta ertainentzat eta, batez ere, Kongoko eragileentzat: meatzarien kooperatibak, emakume elkarteak eta abar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.