Presoen sakabanaketak ertz eta hegi asko ditu, eta horien eraginak, presoek ez ezik, senitarteko eta gertukoek ere pairatzen dituzte. Oharkabean igarotzen diren hegi horiek azalera ateratzen saiatuko da Etxerat elkartea dinamika berri baten bidez, eta izenburu horixe jarri diote, hain zuzen ere: Dispertsioaren hegiak.
Etxerat elkarteko bozeramaile Patricia Velezek eta Jone Artolak azaldu dutenez, bi esparru jorratuko dituzte kanpaina honetan. Lehenengoa instituzionala izango da, eta alderdi, sindikatu eta beste zenbait eragilerekin harremanak izango dituzte, haiekin «akordioak» erdiesteko asmoz.
Herritarrengana ere iritsi nahi dute euskal presoen senitarteko eta lagunek kanpaina honen bidez, eta, horretarako, hainbat hitzaldi antolatuko dituzte, «egungo kartzela politikak ukitzen dituen bazter eta profil guztiak ikusarazteko asmoz». Gaixo dauden presoen arazo bereziak, urruntzeak eta sakabanaketak adineko pertsonei sortzen dizkien kalteak eta horrek eragindako biktimak izango dituzte hizpide, besteak beste. Etxerat-ek antolatutako hitzaldi sortaren lehenengo gaia izango da presoen urruntzeak eta sakabanaketak umeengan duen eragina. Hori dela eta, dinamika berria iragartzeko Bilbon egindako agerraldian, kalteturiko umeen eskoletako guraso eta irakasleak eta hezkuntza arloko sindikatuetako ordezkariak egongo dira.
Askotariko eraginak
Velezek eta Artolak salatu dutenez, sakabanaketak modu askotara eragiten die adingabeei. Umeak maite dituztenengandik urrun egon beharra da eraginik agerikoena, baina askoz gehiago ere badaude. Txikitatik oso bidaia luzeak egitera derrigorturik daude; hori kasu askotan oztopo da ikasketak modu egokian egiteko, eta sarritan eskola orduak ere galdu behar dituzte. «Sakabanaketak eragin zuzena du ikasketetan, garapen fisiko eta psikologikoan eta adingabekoen babes eskubidean», esan du Velezek.
Baina eraginik gordinena, dudarik gabe, hain bidaia luzeetan istripuak pairatzeko arriskua da. Etxerat-eko kideek gogoratu dute duela lau urte Mikel Egibar euskal presoaren emazteak eta seme-alabek auto istripua izan zutela bisitatik bueltan zetozela. Emaztea eta bi seme-alabak erietxean artatu behar izan zituzten.
Lehenengo hitzaldia Bilbon izango da, etzi, Bolsa aretoan 19:00etan, eta psikologoek, irakasleek eta umetan presoen sakabanaketa pairatutako gazteek hartuko dute parte.
Urkijo, omenaldien kontra
Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkari Carlos Urkijok, berriz, eskatu du datorren astean Otegiri egin behar dizkioten omenaldiak debekatzeko. Martxoaren 1ean irtengo da espetxetik Otegi, eta egun horretan egin nahi diote ongietorria Elgoibarren. Donostian, 5ean. Bietan «terrorismoa goratu» daitekeela uste du Urkijok, eta legea betetzen dela bermatzeko neurriak eskatu ditu.
«Sakabanaketaren hegiak» agertuko ditu Etxerat-ek kanpaina batean
Hainbat hitzaldi antolatuko dituzte sakabanaketak adingabekoengan duen eragina azalarazteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu