Sail elebiduna, gibelka aitzinatzen

Sail elebidunak ez du irizpide zehatzik, eta ez du behar bezala euskalduntzen, Euskara Geroan taldeko irakasleen ustez. Kezka agertu dute azken urteetako bilakaera dela eta.

Hiru sareetako irakasleen prentsaurrekoa, ekainean, baxoko ahozkoko desobedientzia ekintza iragartzeko. GUILLAUME FAUVEAU
Hiru sareetako irakasleen prentsaurrekoa, ekainean, baxoko ahozkoko desobedientzia ekintza iragartzeko. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baigorri
2024ko abenduaren 7a
05:00
Entzun

Ikasturte hasiera pasatuta, Euskara Geroan taldeko irakasleak bilkura bat egiteko elkartuak ziren azaro erditsuan Baigorrin (Nafarroa Beherea). Sare publikoan eta pribatuan euskaraz irakasten duten irakasleak biltzeko sortu zuten taldea, orain dela urte batzuk. Behin baino gehiagotan erakutsi dute kezka euskarazko irakaskuntzaren egoerari buruz, eta azken urteetan kolegioan eta lizeoan izan diren erreformen eraginak ere txarretsi dituzte. Irakasle gisa adierazpen publikoa mugatua dutenez, izen-abizenik ez jartzeko eskatu dute batzuek; beste batzuek beren izenean agertzea onartu dute, baina Euskara Geroan taldeko kide gisa, zein ikastetxetakoak diren zehaztu gabe. Ahots anitzetara egin dute sail elebidunaren diagnosia, erresumin handiz. Metafora batekin laburbildu du Laida Etxemendik: «Zinta ibilkari baten gainean ibiltzea bezala da: ez zara sekula aitzinatzen, baina gelditzen bazara erortzen zara».

Gaur egun sail elebiduna erabat desegituratua dela uste dute Euskara Geroan taldeko irakasleek, ez dela irizpide zehatzik. Ikastetxe bakoitzak «brikolatzen» duela diote, dituen baliabideen eta borondatearen arabera. «Elebidunak badira mila, eta beti gutxiago da euskararentzat», deitoratu du Aitziber Zugarramurdik. «Jendeak, elebiduna entzutean, uste du erdia euskaraz dela eta beste erdia frantsesez, baina ez da hala». Ikastetxe bakoitzaren arabera aldatzen da zer ikasgai egiten duten euskaraz eta zein frantsesez. Eta elebidunean den ikasle kopuruaren arabera, batzuetan ikasgela osoak egiten du euskaraz, eta besteetan ikasgela banatzen da. Gertatzen da maila ezberdinetako ikasleak elkartzea ere. Hautazkoan ere «orenak galdu» direla diote irakasleek: batzuek hiru ordu dituzte, besteek ordu bat, edo ordu eta erdi...

«Bati emateko besteari kentzen diote; talkak sortzen ditu irakasleen artean»

LAIDA ETXEMENDIIrakaslea

Irakasle euskaldunak eskas direla argudiatu izan dute maiz euskarazko orenak ez emendatzeko, baina azken urteetan aitzinamenduak izan dira prestakuntzan, eta euskaraz irakasteko prest diren irakasleak badira. Akademia ikuskaritzak adjudikatzen dizkio ikastetxe bakoitzari euskaraz izanen dituen orduak. Batzuetan ikasgaiari lotzen zaizkio orduak, baina irakasleen lanpostuak ere izan daitezke adjudikatuakikastetxe batean. Ikasturte bakoitzean ikastetxeak duen ordu kopuru orokorraren arabera egin behar izaten du banaketa. «Hezkuntza arloan baliabideak kentzen ari dira, testuinguru horretan gara», esplikatu du Etxemendik. «Bati emateko besteari kentzen diote; talkak sortzen ditu irakasleen artean». Gaur egun den kontraesana agertu du Odei Bidartek: «Irakasleak trebatzen dira, baina ondoko sartzean ez da posturik haientzat».

Donibane Garaziko Zitadelako kolegioan gertatua salatu izan dute behin baino gehiagotan Euskara Geroan taldeko irakasleek: Fisikako irakasleak erretiroa hartu zuen, eta ikastetxean erabaki zuten postu hori euskarazko gisa adjudikatzea. «Irakasleek, administrazio kontseiluak... denek horren alde egin zuten aho batez», oroitu du Zugarramurdik. Baziren hiru irakasle euskara ikasia zutenak, eta horietako bat prest zen Garazira joateko, baina azkenean ez zuten eman. Ikasturte sartzean jakin zuten akademia ikuskaritzak oztopatu zuela. «Argumentu ofiziala da oren parekotasuna gainditzen zuela», esplikatu du Amaia Bolokik. «Aitzakia hutsa», Euskara Geroan taldekoentzat. Ez dira ados kalkulua egiteko moldearekin, eta azpimarra ere egin dute: frantsesez euskaraz baino ordu gehiago denean ez du arazorik sortzen.

Sail elebidun berezitua

Funtsean, azken urteetako erreformek eragindako «kaltea» aipatu dute aho batez. Baxoko azterketa berrian ez da euskarazko probarik; ondorioz, «ikasleek interesa galtzen dute», Lora Lazkanoren hitzetan. Gainera, berezitasunak hautatzera eramaten duen formula berriarekin, euskara ikasgaia «konkurrentzian» ezarri dute gainerakoekin, diotenez. «Euskara hartzen baduzu, beste ikasgai bat utzi behar duzu», esplikatu dute. Ikasle anitz «uzten» ikusi dituzte. «Gure lizeoan baziren zortzi ikasle euskara berezitasuna hartzeko prest. Zuzendariak erran zuen hori irekitzeko beste berezitasun bat itxi beharko zela», salatu du Bidartek.

«Irakasleak trebatzen dira, baina ondoko sartzean ez da posturik haientzat»

ODEI BIDART Irakaslea

Ikastoletan ez ezik sare publikoan eta pribatuan ere murgiltze eredua ezarri beharko litzatekeela uste dute irakasleek. Anartean, zinezko sail elebidun berezitu bat definitu beharko litzateke, haien ustez. EEPk eskaera hori egin zion 2019an Frantziako Hezkuntza Ministerioari, sail elebiduna lizeoetako erreformaren barruan sartzeko. «Gaur egun badira bi aitortza baxoan, Europako eta Nazioarteko sailentzat. Hor izango genuke eskualdeko hizkuntzan egindako baxoa», esplikatu zuen garai hartan Mathieu Berge EEPko lehendakari ohiak. Ordutik ez da ezer aldatu. 

2021ean bozkatu zen Molac legea, eta, haren bidez, eskaintza elebidunaren orokortzea onartu zuten diputatuek Frantziako Asanblean —artikulu hori ez zuen zentsuratu Frantziako Konstituzio Kontseiluak—. Ordutik ez da jarraipenik egin, irakasleen hitzetan. Gaur egun, sare publikoko 112 eskolak proposatzen dute aukera elebiduna lehen mailan.

Euskalduntzea, kolokan

Argi diote Euskara Geroan taldeko irakasleek: azken hamar urteetan ikasleen maila apaldu da. Garai batean, sail elebidunean izena ematen zuten anitzek etxetik jasoa zuten euskara, bereziki barnealdean; gaur egun, ez da gehiago hala. «Apaltzea eremu publikoan den apaltzearekin lotu behar da», iritzi dio Etxemendik. «Ikasleek nahi dute, baina ez dira heltzen behar den mailara», gaineratu du. Horrek gazteei «desilusio eta sufrikario» handia sortzen diela erran du Zugarramurdik.

Orain arte, Frantziako Hezkuntza Ministerioak zehaztutako helburuetan, ikasleek B2 maila kausitu behar zuten kolegio bukaerara heltzean. «Ikasleek ez zutenez lortzen, euskararen presentzia indartu ordez, helburua B1 mailara apaldu dute», salatu dute irakasleek. 2023an, 528 ikaslek pasatu zuten B1 azterketa kolegio bukaeran; %70ek gainditu zuen. Aurten, 481 ikaslek pasatu dute ziurtagiria lortzeko proba: %59k B1 maila lortu du (286 ikasle), eta 59 ikaslek B2a kausitu dute (%12). «Biziki ikasle onek lortzen dute; gainerakoek euskara ulertzeko gaitasuna eskuratzen dute», ondorioztatu du Bolokik.

Azterketen gaia ere izan dute hizpide irakasleek. Seaskako ikasleek brebetako proba guziak euskaraz egitea lortu zuten iazko ikasturtean, baina sare publikoko eta pribatuko ikasleei ez zaie onartzen zientzietako proban euskaraz erantzutea. «Diskriminazio» hori salatu dute irakasleek.

Era berean, pozik agertu dira baxoko ahozkoan egindako «demostrazioarekin». Dozenaka irakasle prest agertu ziren ahobizi txapa soinean ezarrita ikasleei ahozkoa euskaraz pasatzeko desobedientzia ekintzan parte hartzeko. Ez zuten espero halako harrerarik; uste dut horrek erakusten duela gizartean nahia badela euskara bultzatzeko. Besterik da nahi horri administrazioak zer erantzun ematen dion.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.