Ipar Euskal Herriaren gobernabideari buruzko ikerketa. Jean-Pierre Massias. Zuzenbideko irakaslea

«Saihestezina da elkargoari buruzko eztabaida»

Ipar Euskal Herriarentzat eskatu beharreko gobernabide proposamenari buruz eragile politikoen artean adostasun batera heltzea du xede Massiasek.

GAIZKA IROZ.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2012ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Hautetsien Kontseiluak eta Garapen Kontseiluak galdaturik, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako 35 bat eragile politiko zein sozial galdekatzen aritu da Jean-Pierre Massias (Chamalieres, 1961), Jean Gourdourekin batera, biak direla zuzenbideko irakasle. Eragileen artean adostasun bat lortu nahian, elkargo baten esperimentatzeko aukera ezarri dute mahai gainean.

Ikerketaren emaitzei buruz hitz egiten hasi aitzin, zer izan da zuen lan metodologia?

Hautetsien Kontseiluko buru Jean-Jacques Lasserrek aurkeztu hiru hipotesietarik abiatu gara (Pays egiturarekin segitzea, delegaturiko eskumenak lituzkeen egitura bat sortzea eta eskumen propioak lituzkeen lurralde elkargo bat osatzea). Erran behar da ikerketa abiatzean gogoeta deia abiatua zela; osatu lantaldeak martxan ziren. Lantaldeen konklusioak ikertu ditugu, eskumen bakoitza gauzatzeko zein forma juridiko beharko liratekeen ikusteko. Bestalde, berrogei bat galdeketa egin ditugu, hipotesi bakoitzaren egingarritasuna zein litzatekeen ikertzeko. Ez dagokigu guri Ipar Euskal Herriaren egituraketaz erabakitzea; gure eskuetan ez den hautu politikoa argitzea da gure ikerketaren xedea.

Bi postura nagusitzen dira: edo Pays egiturarekin segitzea edo eskumen propioak lituzkeen lurralde elkargoa osatzea.

Orokorrean eta juridikoki erdibideko egiturak ezegokiak zirela agertu da. Gai horretan interes handia dago, eta laster agertzen dira bi postura, edo elkargo baten aldekoak edo statu quo-a nahi dutenak. Argumentuak ikertuz, batzuk, alde ala kontra, argiki blokeatuak dira, baina bestelakotu direnak ere daude, lehen aurka zirenak eta orain arrazionaltasunaren logika harturik elkargoaren egingarritasuna aipatzen hasten direnak.

Hala ere, adostasun orokor bat lortzea espero duzue.

Elkargoari buruz den eztabaida saihestezina da. Galdera jorratzea gomendatu dugu, baita irrika gutxiagorekin begiratzea ere. Batzuek diote azken urteetan elkarrekin egindako lana oso ona dela baina beti oztopoak daudela. Ikusiz eztabaida mahai gainean ezarri beharko dela, ondorioztatu dugu eztabaida adoste orokorra lortzearen inguruan antolatzea dela hoberena. Instituzioari buruzko gaia politika aldetik korapilatsua da. Iritzi ezberdinen arteko bereizketak ez dira usaiakoak; abertzaleak alde dira, baina alderdi frantses batzuk ere bai, eta UMP eta Alderdi Sozialistaren barnean ere iritzi aniztasuna bada horri begira. Eztabaida adoste orokorra lortzearen inguruan pausatzea proposatu dugu.

Frantziako legediak proposatzen duen esperimentazioa erabiltzearen aukera mahai gainean jarri duzue. Hau da, elkargo baten esperimentatzea.

Gehitu dugun hipotesiak dio elkargoa arrazoizko hautu bat dela gaurko egunean, baina egoerari egokitu behar dela. Elkargoa baldin bada, zein eskumenez osatua izanen da? Esperimentazioa aipatzen dugunean, gutxirekin has daiteke, poliki-poliki emendatuz. Beharbada, metodo horrek blokeoak gainditzen lagundu dezake, akordio progresiboak lortuz. Gainera, ez da sinple imajinatzea ezerezetik guztira pasatzen garela. Eztabaida teknikoa abiatzen bada, aukera guztiez pentsatzen ahalko da; ezer ez da debekatu beharko.

Nolakoa litzateke lurralde elkargoa?

Juridikoki gauza batzuk ezin negoziatuak dira. Sufragio unibertsalean bozkaturiko asanblea baluke, aurrekontu batekin eta eskumen propioekin. Zenbat eskumen lituzkeen eta beste elkargo batean liratekeen edo ez, hori negoziatzen da. Politika aldetik, eskumenak aldatzea ez da zailena izanen. Pauso sinboliko handiena elkargoaren sortzean litzateke.

Ikerketaren ondorioetan diozue eztabaida aberatsa eta kontraesana bada ere, aterabidearen elementuak dauzkala bere baitan. Zer erran nahi duzue horrekin?

Elkargo bat ala ez eztabaidari aterabide bat atzeman behar zaio. Eztabaidan dira aterabideak kausitu behar. Lan metodologia bat proposatu behar da. Ikusiz elkargoaren alde doan bilakaera bat dagoela, goazen ikustera nolakoa litzatekeen. Estatuaren, eskualdearen edo departamenduaren eskumenak berehala hartu behar dira edo ez? Hori negoziaziorakopista bat da. Departamenduaren barne izanen da edo kanpoan? Zein lotura Biarnorekin? Hor ere zuzenbideak aukera ezberdinak ahalbidetzen dituenez, begira eta negozia ditzagun. Adostasun orokorra lortzeko, aldekoek indar batzuk egin behar dituzte aurkakoei begira, eta beste zentzura berdin. Zuzenbideak hainbat aukera ematen dituenez, hitz egin dezagun guztiez. Arazo korapilatsua da, baina prozesu horren arrakasta adostasun ahal bezain zabala lortzean izanen da.

Batzuek eskumen anitz dituen elkargo bat nahi dute; besteek, ahal bezain gutxi dituena. Horri buruz izanen dira eztabaida gehienak seguruenik.

Bai. Elkargoa egitea lortzen badaeta nolako elkargoa nahi dugu? galderari buruz baldin bada eztabaida, izanen den bilakaeraren isla ere izanen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.