Lurdes Imaz

«Saiatzen gara nerabeak erakartzen; ez da erraza haiengana iristea»

Hilabeteak daramatzate EHIGEko kideek eta Mungialdeko eskoletako ikasle, irakasle eta gurasoek Euskal Eskola Publikoaren 30. Jaia antolatzen. «Oso gustura» daude jendeak izan duen jarrerarekin.

jarraia228958.jpg
Isabel Jaurena.
2023ko ekainaren 4a
09:28
Entzun

Iritsi da jai giroa eta euskal eskola publikoaren aldeko aldarrikapena uztartzen dituen eguna. Lan eta esfortzu handiaren emaitza izan da, eta hori ongi daki Lurdes Imaz EHIGEko koordinatzaileak (Azkoitia, Gipuzkoa, 1973).

Lehenbizikoz eginen duzue Mungian jaia, eta urteurren borobilean, gainera. Nola hartu zenuten albistea?

Aukera on bat bezala hartu genuen. Izan ere, jaiaren 30. aldiak bat egiten du Mungiako Legarda eskolaren 50. urteurrenarekin. Berria jaso genuenean, iruditu zitzaigun aukera polita zela biak batzeko. Asko aldatu da jaia lehenengo alditik; hasieran txikia izan zen, eta orain gauza askoz handiago bat bihurtu da.

Handitasun horri heltzeko, ikastetxeak elkarlanean aritzea lortu duzue?

Elkarlanarena da urtero izaten dugun helburu bat. Egia da batzuetan [ikastetxeak] ohituta daudela elkarrekin lan egitera, baina beste batzuetan ez. Horregatik, guretzat oso garrantzitsua da sare bat sortzea. Kasu honetan, kontuan izan behar da jaia Mungian dela, baina Mungialdeko ikastetxe guztiek parte hartzen dutela. Hala ere, lortu dugu guztiak elkarrekin aritzea.

Boluntarioen lana ere funtsezkoa da jaia aurrera eramateko, ezta?

Hori da, boluntarioak guztia prest egoteaz arduratzen dira, baita bertaratzen diren milaka lagunei laguntza eskaintzeaz ere. Ikastetxe guztietakoak dira, eta aurten guraso, ikasle eta irakasleak animatu dira. Oso gustura gaude erantzunarekin; hasieratik oso positiboa izan da, eta jendea animatu da.

Badago egitarauko ekitaldiren bat bereziki nabarmenduko zenukeena?

Gure jaia familia giroko jai bat da, eta horregatik izaten ditugu jarduerak txikitxoenentzat eta gurasoentzat, batez ere. Hala ere, saiatzen gara nerabeak erakartzen: ez da erraza haiengana iristea. Aurten, haientzako programa berezi bat prestatu dugu: kontzertuak izango ditugu, eta grafiti eta skate tailerrak ere bai.

Zer giro sumatzen duzue oraingoz?

Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren 30 aldiak ikusita, argi dugu urtetik urtera gero eta jende gehiago animatzen dela. Egia da eskola batzuk beti etortzen direla, baina azken urteetan gero eta jende berri gehiago hurbiltzen ari da. Uste dut lortzen dugula.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.