Euskal sozialistak bat datoz, oro har, PSOEk marraztu duen eskemarekin Espainiako Gobernua osatzeko negoziazioei begira; PPri dagokio lehenengo urratsa egitea, eta horretan PSOEren ezezko borobilarekin egingo du topo; Rajoyk huts eginez gero, eskuak libre izango lituzke PSOEko idazkari Pedro Sanchezek ezkerreko indarrekin saiatzeko; eta horretan, Kataluniako galdeketaren gaia albo batera uztea derrigorrezko baldintza dute PSOErekin negoziatu nahi duten indar orok.
Jesus Egiguren PSE-EEko presidente izandakoak, BERRIAri egindako adierazpenetan, aitortu du PSOEk gobernua osatu ahal izatea lukeela aukerarik gogokoena: «Prozesuari lasaitasunez ekin behar zaio. Eskuinak ez du lortuko bozketan bere hautagaia presidente izendatzerik, eta, beraz, Pedro Sanchezi egokituko zaio saiatzea beste alderdi politiko batzuekin gobernua osatzen. Ez dakit egingarria izango den, alderdi askoren eskuetan dagoelako, baina hori da niri gustatuko litzaidakeen aukera, eta ez dut esperantza galtzen», esan du.
Horretarako, baina, oztopo bat gainditu beharko lukete: Podemosek erabakitzeko eskubidearen inguruan eta, zehazki, Katalunian galdeketa egitearen alde duen jarrera. Egigurenek ez du uste hori oztopoa izango denik: «Beharbada beste hainbat gauza bai, baina hori, ez dut uste».
«Euskadin negoziazio asko egin ditugu», esan du Egigurenek, «eta lehenengo gauza beti izaten da bi alderdien artean zerbait baldin badago bateraezina, gai hori baztertzea, bestela ez baitago itunik. Hemen berdin pasatuko da; gauza bat da hedabideen aurrean eta nork bere militanteei begira esaten duena, baina ezinezko baldintzak jarriz gero ez dago negoziaziorik. Eta arrazoia batak edo besteak izatea gutxienekoa da; bateraezinak badira, ez dago akordiorik».
Egigurenek uste du PSOEren eta Podemosen jarreren artean erdibideren bat egon daitekeela—adibidez, Konstituzioa aldatzea, edo «estatutuaren berritze batean Kataluniak estatus berezi bat edukitzea»—, baina pentsatzen du hori «eremu oso konplexu batean» sartzea litzatekeela: «Ituna gauza gutxirekin egin behar da, gauza asko sartuz gero ez baitago akordiorik, eta horrelako gai bati ekitea PSOErentzat une honetan ezinezkoa da. Podemosek horretaz kontziente izan behar du».
PSOE eta PPren arteko itunaren aukera, berriz, erabat baztertzen du Egigurenek, «guztiz ezinezkoa» delakoan. «Gainera, PPrekin ituna egitea PSOErentzat amaiera litzateke. Nahita ere ez dago itun hori egiterik», erantsi du PSEko presidente izanak.
PSE-EEko idazkari nagusi Idoia Mendiak, Euskadi Irratiari emandako elkarrizketan, esan du PPk proposatzen duen akordio zabalak zentzua izango lukeela oso egoera berezian, adibidez Konstituzioa aldatzeko prozesu bat irekiko balitz, baina ez oraingo egoeran: «Lau urte hauetan Espainia pikutara joan da ekonomikoki eta sozialki, eta uste dugu orain politika desberdinak egin behar direla», esan du.
Podemosek jarritako baldintzaren inguruan, Mendiak esan du erabakitzeko eskubidea ez dela «erantzuna» herritarren problemetarako, «eta Podemosek argi eta garbi esan behar du hori negoziazio batean sartu ahal izateko».
Patxi Lopez PSE-EEko Bizkaiko diputatu hautatu berria ere mintzatu da irratian, SER katean hain zuzen, eta argi utzi nahi izan du ez dutela PPren inolako gobernurik babestuko, «ezta abstentzioarekin ere». PSOEren jarrera aldatzeko PP egiten ari den presioaz galdetuta, Lopezek esan du gobernuaren egonkortasuna ezin dela horretarako aitzakia gisa erabili: «Bitxia da, baina egonkortasuna aipatzen denean, beti izaten da eskuineko gobernu bat egiteko», erantsi du.
Podemosen jarreraz ere, diskurtso ofizialarekin egin du bat Lopezek. Esan du «aldaketak» ikusi dituela Pablo Iglesiasen azken adierazpenetan: «Hasi dira beste gauza batzuk esaten; ez dakit horretan jarrera aldaketarik dagoen, hori beraiek esan beharko dute, baina argi dago galdeketa egitea ez dagoela herritarren lehentasunen artean».
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Ondorena
Saiakera egiteko prest
Euskal sozialistak bat datoz PSOEren jarrerarekin; zilegi da Sanchezek gobernua osatzeko ahalegina egitea, baina Podemosek aldatu behar luke galdeketari buruzko jarrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu