Sahara aske izatea nahi dutela. Mezu hori zabaltzeko, elkarretaratzeak egin dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 30 bat herritan. Euskadi Sahara Mugimendua taldeak Fronte Polisarioaren EAEko ordezkaritzaren laguntzarekin deitutako protestetan aldarrikatu dute guda bukatzeko irtenbidea erreferenduma dela.
Protesten amaieran azaldu dute badituztela arrazoiak kalera ateratzeko. Alde batetik, Marokoren komunikazio estrategia salatu dute, «blokeo informatiboan eta gatazka armatuaren ukazioan oinarritutakoa». Beste aldetik, herritarren aurkako errepresioa areagotu egin dela nabarmendu dute: «Kezkatzen gaitu Sahara Errepublika Arabiar Demokratikoko lurralde okupatuetan, saharar herriaren aurka, eta, batez ere ekintzaileen aurka, areagotutako errepresioak».
Kritiko azaldu dira nazioarteko jarrerarekin ere. Nazio Batuen Erakundea aipatu dute: «Nazio Batuen erakundea eta bere Mendebaldeko Sahararako erreferenduma egiteko misioa salatzen ditugu, 45 urtean saharar herriaren sufrimenduaren aurrean erakutsitako utzikeriagatik». Espainiako Gobernuari, berriz, bi eskaera egin dizkiote: «Eskatzen diogu 1975ean egiteke utzi zuen deskolonizazio prozesuari berriro ekiteko, baita duela 29 urte egin behar zuen erreferenduma bultzatzeko ere». Azkenik, alderdi politikoei ere zuzendu zaizkie: «Euskal erakundeetako alderdi politiko guztiei eskatzen diegu susta dezatela haien eremutik saharar herriaren autodeterminazio askearen eskubidea bermatuko duen gatazkaren konponbide justu, baketsu eta iraunkorra».
Fronte Polisarioak hilaren 14an hautsitzat jo zuen Marokorekin 1991n sinatu zuen su-etena, eta, hortaz, gerra egoera ezartzea erabaki zuen. Mendebaldeko Sahararen eta Marokoren arteko tentsio militarrak gora egin zuen bezperan, Rabat herrialde okupatuaren eta Mauritaniaren arteko mugan dagoen Guergueraten sartu zenean. Eskualde hori desmilitarizatua da, bost kilometrokoa, baina Marokok militarrak hara bidaltzea erabaki zuen sahararren protesta bat desegiteko; dozenaka manifestari urriaren 21etik ari ziren protestan, inguruko errepide bakarra trabatzen.