Saharako haurrei udan egonaldi bat eskaintzera deitu du Oporrak Bakean egitasmoak

Izena emateko aukera zabalik egongo da gaurtik martxoaren 15era bitartean. Sustatzaileek nabarmendu dute Euskal Herria «arnasgune bat» dela basamortuan bizi diren haurrentzat eta haien senideentzat.

Oporrak Bakean egitasmoko kideak, Donostiako Aiete jauregian egin duten aurkezpenean.
Oporrak Bakean egitasmoko kideak, gaur, Donostiako Aiete jauregian egin duten aurkezpenean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2025eko urtarrilaren 18a
14:50
Entzun

Donostia— «Desertua soilik ezagutzen duen haur batentzat, jaso dezakeen oparirik onena da». Hitz horiekin deskribatu du Fatma Labiadek Oporrak Bakean egitasmoa, Mendebaldeko Saharako haurrak udan Euskal Herriko familiengana bidaltzeko programa. Labiad Fronte Polisarioaren ordezkaria da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta Oporrak Bakean-en aurtengo kanpainaren aurkezpenean izan da gaur, Donostiako Aiete jauregian. Nabarmendu du garrantzi handikoa dela «ahalik eta haur gehien ateratzea uda honetan» errefuxiatu sahararren bizileku diren Aljeriako kanpalekuetatik, eta dei egin die herritarrei kanpainan parte hartzera. Izena emateko aukera zabalik egongo da gaurtik martxoaren 15era bitartean.

Dozenaka lagun elkartu dira aurkezpenean: egitasmoa babesten duten udaletako ordezkariak, bultzatzaile diren elkarteak eta harrera familietako kideak. Aner Peritz bertsolaria ere gonbidatu dute, bera haurra zela haur sahararrak udalagun izan zitueneko esperientziaz hitz egitera. Festa giroan animatu dituzte herritarrak «elkartasun ariketa kolektibo» horrekin bat egitera. Saharako oihalek eta alfonbrek jantzi dute jauregiko Ghandi aretoa; horien gainean, desertuko doinuek egin dute oihartzun, eta tearen eta gozoen usainak hartu dute pixkanaka giroa. Aretoaren berezko itxurak ere lagundu du. Hormetako batean, bistara zegoen Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala.

4.597

Mendebaldeko Saharako zenbat haur hartu dituen Oporrak Bakean egitasmoak azken hamabost urteetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 153 haur hartu zituen 2022an, 183 haur 2023an, eta 188 iaz.

«Euskal Herrian urte luzez garatzen ari garen elkartasun ekimena da hau. Tamainaz, mamiz eta iraupenez ere, gure herrian bizirik dirauen elkartasun ekimen garrantzitsuenetarikoa dela esatera ausartuko ginateke», esan du Maria Rodriguez egitasmoko kideak. Azken hamabost urteetan, ia 4.600 haur hartzea lortu dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Iaz, 188 izan ziren. «Haur horiei guztiei osasun arreta bermatu diegu, eta heziketa esperientzia aparta eskaini diegu». Harrera familien konpromisoaz gain, Oporrak Bakean-ek lau aterpetxe ere izango ditu haurrak hartzeko; iaz baino bat gehiago.

Rodriguezek azaldu du Oporrak Bakean «arnasgune bat» dela Euskal Herrira bidaiatzen duten Mendebaldeko Saharako haurrentzat eta haien senideentzat. «Errefuxiatu sahararren bizi baldintzak nazioarteko laguntza humanitarioaren mende daude, baita gero eta larriagoak diren muturreko klima baldintzen mende ere. Saharako hiru haurretik batek bakarrik jasotzen du hazkuntza egokia izateko behar duen dieta». Bestalde, uda garaian, 50 gradutik gorako tenperaturak izaten dira.

Sustatzaileek gogorarazi dutenez, Mendebaldeko Sahararekiko elkartasun mugimendu zabalago baten parte da Oporrak Bakean. «Guztion artean eskolak eta osasun etxeak hobetzen ari gara, gazteen eta emakumeen ahalduntzeari begirako trebakuntza eskaintzeaz gain oro har sahararrak trebatzen ditugu, eta oinarrizko beharrak asetzen ditugu, ur horniketarekin lotutakoak, esaterako».

Arrazoi politikoak

Fronte Polisarioaren izenean, Labiadek eskerrak eman dizkie egitasmoan parte hartu duten familiei, eta garrantzia aitortu dio udaro egiten duten keinuari eta haren esanahiari. «Beti utzi nahi izaten diet argi gauza bat familiei: haur bakoitzaren atzean arrazoi politiko bat dago». Marokok Mendebaldeko Sahara okupatuta du 1976. urtetik. Lehenago, Espainiaren kolonia izan zen. Errefuxiatu sahararrak Aljeriako desertuko kanpalekuetan bizi dira, beren lurretatik kanporatuta. Labiaderen ustez, Saharako haurrek Euskal Herrira bidaiatzeko aukera izateak egoera horri aurre egiteko ere balio du. «Txikitatik erakutsi behar diegu bizi garen tokia ez dela gure herrialdea, errefuxiatuak garela». Euskal Herrian egonaldi bat egiteak beste ikuspegi bat ematen die. «Herrialde independente batean bizitzeko aukera izaten dute. Beren mundua zabaltzeko aukera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.