Txertaketa bidez birusari kontra egiteko bidean esperantza jarrita dauka Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. «Ilusiorako» arrazoiak badirela esan du gaur Onda Vasca irratian egin dioten elkarrizketan, baina erantsi du oraindik birusa ez dela desagertu, eta «zuhurrak» izan beharra dagoela. Hala ere, txertaketa erritmo onean dela erakusten duen datu bat eman du Sagarduik: aste honetan edo hurrengoan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 12 urtetik gorako biztanleen %90ek dosi bat hartua izango dute, eta, beraz, iraila amaitzerako edo urri hasierarako biztanleen %90ek pauta osoa izango dute. Osasun Sailaren helburua biztanleen %100 txertatua egotea da, Sagarduik azaldu duenez. Hala, txertoen inguruan oraindik zalantzak dituztenei esan die «ongi pentsatu» dezatela, eta aintzat har dezatela txertoak eraginkorrak direla.
12 eta 15 urte arteko gaztetxoen txertaketari dagokionez, oraintxe lehen dosia hartua dute %74k, eta pauta osoa, berriz, %30ek. Sagarduiren arabera, ikasturte berria joan den urtekoa baino «egoera hobean» hasiko da txertaketari esker.