«Norbanakoen konpromisoaren eta jokabideen menpe daude pertsona askoren osasuna eta bizitzak». Baieztapen horrekin egin du Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik ezarritako mugak betetzeko deia. Sabino Arana fundazioak Bilbon antolatutako jardunaldian mintzatu da Sagardui, eta, bertan, beste behin, pandemiaren kontrako neurri murriztaileak errespetatzeko eskatu die Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako herritarrei. Gainera, jendeari eskatu dio ahalik gehien mugatu ditzatela lekualdatzeak eta harreman sozialak. Azaldu duenez, hori da kutsatze kateak eteteko hartu beharreko bidea.
Gogor eta kritiko mintzatu da gaur egungo egoeraz eta pandemiak azken asteetan izandako bilakaeraz: «Gaixo bat ZIUetara ailegatzen den bakoitzean, agerian gelditzen da herritar guztion porrota», adierazi du sailburuak.