Balorazio psikiatriko «psikoemozional bat» jasotzen dute Gurutzetako erietxean (Barakaldo, Bizkaia) Genero Indentitatearen Unitatean artatzen dituzten pazienteek, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik gaur azaldu duenez. Erietxe horretako jarduna kritikatu du Gehitu elkarteak asteon: transei eta ez-binarioei «tratamendu bortitza» ematen dietela salatu, eta eskatu du pertsona horiek protokoloz ez bideratzeko psikiatria sailera. Auzitan jarri ditu unitatean erabiltzen dituzten irizpideak ere. Sagarduik kritika horiei erantzunez hartu du gaur hitza, eta argudiatu du balorazio hori beti egiten dela «segurtasun klinikoaren» irizpideak aintzakotzat hartuta, eta pazienteei «laguntza emateko» asmoz.
Gehitu elkarteak, bere krikita egiteko, oinarritzat hartu ditu Gurutzetan artatutako hemezortzi pertsonari egindako inkesta baten emaitzak. Aditzera eman dutenez, pazienteek azaldu diete unitate horretan «behartu» egiten dituztela denak psikiatrarenera joatera sexu aldaketarako hormonak hartzen hasi nahi badute edota ebakuntzaren bat egitekotan badabiltza.
Osasun sailburuak, ordea, argudiatu du alorreko eragile guztien ekarpenekin eginda daudela Pazienteei arta emateko erabiltzen diren protokoloak eta gidak, eta transexualen eta ez-binarioen elkarteen iritzia aintzat hartua dagoela horietan. Dena dela, gehitu du protokoloak ez direla betiko izaten, eta osasun profesionalak beti ahalegintzen direla berritzen eta eguneratzen.