Imanol Pradalesek iazko ekainean hartu zuen Eusko Jaurlaritzako lehendakari kargua, eta ekainean aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritza berria. Gobernu horretan ez zegoen aurreko Osasun sailburua, Gotzone Sagardui, eta, beraz, EHUn zuen lanera bueltatu zen. Atzo, ordea, jakin zen Gasteizko Vithas San Jose ospitale pribatuko mediku zuzendari izendatu dutela, Sagarduik Eusko Jaurlaritzako kargua utzi eta urte erdi pasatuta.
Berez, legeak bi urteko epea ezartzen die goi kargudunei sektore pribatura itzultzeko, baldin eta kargudun publikoak izan direnean harreman zuzenik izan badute gero lan egingo duten enpresa, sozietate edota erakunde pribatu horiekin. Eusko Jaurlaritzaren bateraezintasunen batzordeak oniritzia eman dio izendapenari, bi ardurak osasun zerbitzuei lotuta egonda ere zentroa ez dagoelako Osakidetzarekin hitzartuta.
Hain zuzen ere, Alberto Martinez Osasun sailburuari horri buruz galdetu diote gaur kazetariek —goizean izan du agerraldia Bilbon, gripeaz hitz egiteko—, eta, hark baieztatu duenez, Eusko Jaurlaritzak duela aste batzuk baimendu zuen klinika pribatu batek Sagardui kontratatzea. Gaineratu duenez, Osakidetzak ez du «harreman komertzialik» izan klinika horrekin, eta «etorkizunean ere» ez du izango, epe laburrean behintzat.
Agiri eske
Martinezen adierazpenez gainera, Eusko Jaurlaritzak ez ditu inon azaldu Sagarduiri ospitale pribatu horretan lan egitea baimentzeko arrazoiak. EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari gaur eskatu dio ospitale pribatu horrek Sagardui «fitxatzea» ahalbidetu duen espedientearen kopia, legez ezarritako bi urteko epea urratu dutelako. Zehazki, Lamia Arcas legebiltzarkideak agiri hauek eskatu ditu: Sagarduik Gasteizko Vithas ospitalean lan egiteko aurkeztutako baimen eskaera, jardueren deklarazioaren kopia, ondasun aitorpenaren kopia, eta abstentzio eta inhibizio betebeharrak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, «egin baldin badu». Horrez gain, klinika pribatuak Sagarduiri egin dion lan eskaintzaren kopia eskatu du, «kontratu mota, iraupena, kategoria, ordainsariak eta egin beharreko jarduerak adierazita». Baita Eusko Jaurlaritzaren bateraezintasun batzordearen ebazpena ere.
EH Bilduren iritziz, halako izendapen bat ez da onargarria. Koalizioak «haserre» hartu du albistea, baina aldi berean aitortu du ez dela harritu, «ez baita horrelakoak gertatzen diren lehen aldia», Nerea Kortajarena EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramailearen esanetan. Uste du Sagarduiren izendapena «sari bat» dela hark osasun pribatuari emandako zerbitzuengatik, eta, «legezkoa» izanagatik ere, ez dela «ez etikoa, ezta estetikoa ere».
Kortajarenak, ordea, sailburuari eskatu dio argitu dezala «egokia» iruditzen ote zaion eta politikari «sinesgarritasuna» ematen ote dion erabaki horrek. Halaber, Pradales lehendakariari galdetu dio azal dezala ea Sagarduiren ate birakaria bat datorren sustatzen duen itun etikoarekin eta defendatzen dituen kargudun publikoen «eredugarritasunarekin».
«Funtsezko pertsona»
Izendapenak eragindako harrabotsa ikusita, Gasteizko Vithas San Jose ospitaleak ohar bat kaleratu du, Sagardui kontratatu izana babesteko. Gogoratu du Sagarduik medikuntza ikasketak dituela eta Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu izan zela 2020ko irailetik 2024ko ekainera arte, Bilboko zinegotzia eta Eusko Legebiltzarreko legebiltzarkidea. Eta Leioako Laguntza Zentroan eta Lanbiden ere zuzendari lanetan aritu zela.
Horrek guztiak, Vithas taldearen arabera, Sagarduiri «EAEko osasun sektorearen ezagutza handia ematen dio, baita arabarren osasun premiena ere». Nabarmendu du Sagarduik eskarmentua duela taldeen eta aurrekontuen kudeaketan, erakundeen antolaketan eta osasun kudeaketan. «Funtsezko pertsona da Vithas Gasteiz ospitaleak arabarrei eskaintzen dien zerbitzuaren kalitatea eta pazienteen esperientzia indartzeko». Sagarduik «ilusio handiz» abiatu du ibilbide profesional berria.
Vithas taldea Goodgrower inbertsio taldearena da. Hogei ospitale eta 39 osasun zentro ditu Euskal Herrian, Herrialde Katalanetan, Galizian eta Espainian.