Koronabirusa

Sagardui kexu da: txertoak ez dira ari ailegatzen agindu zieten erritmoan

Asteon Pfizerren 91.260 dosi jaso dituzte; Janssenen 6.500 jasotzeko zain daude. Joan den astean 148.846 txerto eman zituen Osakidetzak

Osasun langile bat txertoak prestatzen. GORKA RUBIO / FOKU.
Juanma Gallego.
Gasteiz
2021eko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Espero baino txerto gutxiago jasotzen ari da Osakidetza, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak jakinarazi duenez; horrek txertaketa kanpaina moteldu dezakeen beldur da Jaurlaritza. Atzo Gobernu Kontseiluaren ondorengo prentsa agerraldian emandako datuen arabera, astelehenean Pfizerren txertoaren 91.260 dosi jaso zituen Osakidetzak, eta asteon Janssen ekoizlearen beste 6.500 dosi espero dituzte; hasieran aurreikusitakoak baino gutxiago dira horiek, sailburuaren arabera. AstraZenecaren beste 14.800 txerto ere jaso behar dituzte.

Joan den asteko zenbakiei erreparatuta, Osakidetzak 148.846 txerto eman zituen. Horiek horrela, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 16 urtetik gorako biztanleen %40,1ek gutxienez dosi bat jaso dute, eta %16,2k immunitaterik handiena lortu dute, bi dosiak hartuta. Adin tarteei dagokienez, egunotan 60-69 urte arteko biztanleak dituzte jomugan, eta txertatu gabe geratzen diren 70 urtetik gorakoei ere deitzen jarraituko dute. 59 urtekoei dei «bakanak» egiten hasiko direla esan zuten lehengo astearen amaieran, eta atzo Sagarduik esan zuen lehenbailehen hasi nahi dutela adin horretatik beherakoekin ere. Errtimoa, betiere, heltzen diren dosien araberakoa izango dela oroitarazi zuen. Beti egin du horren defentsa Jaurlaritzak, txertoak emateko gaitasuna baduela argudiatuta.

Pandemiaren bilakaera orain «positiboa» dela nabarmendu zuen, intzidentzia tasa metatuak beheranzko joera baitu. Hobekuntza hori bereziki hilaren 2tik aurrera areagotu dela esan zuen. Hego Euskal Herrian alarma egoeraren amaierak izan ditzakeen ondorioengatik kezka agertu zuen. Hain justu, gogora ekarri zuen pandemiak «indarrean» jarraitzen duela: «Ez dugu jokatu behar existituko ez balitz bezala».

AstraZeneca, zain

Bestetik, Osasunbideak atzeratu egin du AstraZenecaren bigarren dosia emateko deialdia. Nahitaezko ogibideetan jarduten duten 2.774 langileri eragiten die neurriak oraingoan. Nafarroako Gobernua autonomia erkidegoen arteko erabaki komunaren zain geratu da, horiekin jarraitu beharreko prozedura zehazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.