Guardia Zibilak Kai Saez de Egilaz eta Pipe San Epifanio preso ohiak atxilotu ditu goizean, presoen harrera ekitaldiak antolatzeagatik terrorismoaren goratze eta biktimen umiliazio delituak egotzita. Saez de Egilaz Beasainen atxilotu dute, 8:30ean, eta hortik Donostiako Intxaurrondoko kuartelera eraman dute, 13:30ak aldera aske uzteko. San Epifanio, berriz, Bilboko La Salve kuartelera eraman dute, eta 15:30ak aldera aske utzi dute ere.
Atxiloketak Espainiako Auzitegi Nazionalaren 6. instrukzio epaitegiak agindu ditu, eta 2020ko urtarrilean Antton Lopez Ruiz Kubati, Oihana San Vicente, Haimar Altuna eta Oihana Garmendiaren atxiloketak ekarri zituen operazioaren parte dira. Haiei ere terrorismoaren goratzea eta biktimen umiliazioa egotzi zizkieten presoen harrera ekitaldian antolatzeagatik, eta atxilotu eta ordu gutxira aske geratu ziren ere.
Saez de Egilaz Akizen (Okzitania) atxilotu zuten 2003. urtean. 2014an, berriz, askatu egin zuten, zigorra beteta, eta Euskal Herrira itzuli zen. Egun, Sorturen Euskal Presoen Batzordeko kidea da.
San Epifaniok 23 urte pasa zituen espetxean, 1994tik 2017ra arte. Herri Batasuneko parlamentaria izan zen 80ko hamarkadaren amaieran, eta baita HBko Mahai Nazionaleko kide ere. Gerora, ordea, ihes egin behar izan zuen, Espainiako Polizia atzetik zebilkiolako. Bartzelonan atxilotu zuten, 1994an, ETAko kide izatea egotzita.
Sorturen eta EH Bilduren erreakzioak
Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak agerraldi bat egin du Donostian atxiloketen balorazioa egiteko. Bere ustetan, ez da kasualitatea operazio judizial eta poliziala orain iritsi izana, «noiz eta Katalunian lider independentisten aldeko indultu horiek eman direnean, eta Euskal Herrian azken hilabete hauetan euskal preso politikoen eskubideak errespetatzeko urratsak egiten ari direnean».
Zentzu horretan, Rodriguezek esan du atxiloketekin agerian geratu dela espainiar estatuan badirela sektore oso boteretsuak, «epaileen partetik eta estatuko bestelako estolda batzuetatik», Kataluniako eta Euskal Herriko gatazka politikoentzako irtenbide demokratikoak galarazteko lanean ari direnak.
Halaber, presoen harrera ekitaldiak delitu bilakatzeak «jarduera politiko zilegi eta legalak» kriminalizatzea bilatzen duela salatu du Sortuko idazkari nagusiak, horiek «adierazpen askatasunaren babesa» dutela azpimarratuz. Hain zuzen, gogoratu du joan den astean Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainiako Estatua kondenatu zuela, Jose Miguel Beñaran Ordeñana Argalaren omenaldi batean eginiko hitzartzearen harira Tasio Erkizia ezker abertzaleko kideari jarritako espetxe zigorrarekin bere adierazpen askatasuna urratzeagatik.
Dena den, Rodriguezek zehaztu du atxiloketa hauen ardura ez dela soilik Guardia Zibilarena eta Auzitegi Nazionalarena, «egunak joan eta egunak etorri preso politikoen ongi etorrien kontra mintzatzen diren guztiek» ere gaurkoa bezalako operazioak gertatzeko baldintzak «ereiten» dituztela azpimarratuz: «Ardura eskatu nahi diegu hedabide eta eragile politiko horiei denei, bakearen etsaien agenda elikatu ez dezaten».
EH Bilduk, bere partetik, sare sozialen bidez salatu du atxiloketekin «askatasunean eta berdintasunean oinarritutako preso politikorik gabeko etorkizuna eraikitzen jarraitzea oztopatu» nahi izan dela. Hain zuzen, Guarzia Zibilari eta Auzitegi Nazionalari erreferentzia eginez, Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi du «estatu sakoneko estrukturek» ez dutela onartzen «herri honetan bakea bizikidetza eta konponbiderako agertoki bat sendotzea», eta horregatik «preso politikoen eskubideen alde lan egiten ari diren pertsonak atxilotu eta kriminalizatu» egiten dituztela azpimarratu du.
🔴 Beste behin, Estatu sakonak, guardia zibilak eta Audientzia Nazionalak presoen eskubideen alde lanean ari direnak kolpatu dituzte.
— EH Bildu (@ehbildu) June 30, 2021
Espetxeak husteko garaia da, ez betetzekoa!#AtxilotuakAskatupic.twitter.com/BvqdtEOOTQ
Sare: «Iraganera begira jarri gaitu»
Ohar baten bidez, Sarek salatu du Saez de Egilazen eta San Epifanioren atxiloketak «lekuz kanpo eta inolako beharrezkotasunik gabe eginiko ikuskizuna» izan direla, bien egoztea zitazio birez garatu zitekeela azpimarratuz: «Iraganera begira jarri gaitu berriz Guardia Zibilak goizean eginiko operazioak».
Halaber, harrera ekitaldien antolakuntza zigortzearen aurka agertu da plataforma: «Ezin da bere zigorra osotasunean eta ezohiko espetxealdian bete duten pertsonen askatasunak senide eta lagun artean sor dezaken poza ere delitu bilakatu».
Sarek adierazi du «poz horren eta biktimen errespetuaren arteko oreka» bilatzea dela «herri gisa elkarbizitzarako egin behar dugun ariketa», eta azpimarratu du hori aurrera eramatea herritar guztiei dagokiela, «inoren eskubideak zapaldu edota inor atzean utzi gabe».
Atxiloketen aurkako protestak
Goierriko Ernaik elkarretaratzea egingo du arratsaldean, 19:00etan Beasaingo Zubimusu plazan, operario poliziala salatu eta atxilotuen askapena eskatzeko. Bilbon, San Epifeniok berak 19:00etan Plaza Biribilean elkarretaratzeko deia egin du La Salveko kuarteletik atera berritan.
Pipe San Epifanio ere irten da La Salveko kuarteletik eta gaurko mobilizaziora joateko deia egin du.#BakeaEtaDemokrazia
— SORTU #LehenikHerria #PrimeroLaGente (@sortuEH) June 30, 2021
pic.twitter.com/ESKoN0ijYf