Memoria historikoa. Frankismoaren aurkako auzia

Ruz epailearekin ere, mesfidati

Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskala ustezko lau torturatzaileak atxilotzearen aurka azaldu, eta epailearen esku utzi du erabakiaDiktadurako krimenak zigor gabe utzi dituen herrialde bakarra Espainia dela salatu dute

1936ko errepresaliatuei eta hildakoei uztailean Castejonen egin zieten omenaldia. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
2013ko irailaren 25a
00:00
Entzun
1977ko Amnistiaren Legean eta delituak egin zirenetik «pasatu den denboran» oinarritu da Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltza frankismoko ustezko lau torturatzaileak atxilotzearen kontra agertzeko. Maria Servini Argentinako epailearen agindua ez dela «bidezkoa» ere esan du. Fiskaltzak emandako argudioak «xelebreak» dira Goldatuko kide Josu Ibargutxiren ustez. «Gizateriaren aurkako krimenek ez dute iraungitze datarik, eta Amnistiaren Legea epaile argentinar bati bost axola zaio. Harentzat ez du balio. Esaten dion bakarra da frankismoa babesteko azken puntuko legea dela».

Espainiako Barne ministro Jorge Fernandez Diazek adierazi du atxilotze aginduak jaso dituelaeta Auzitegi Nazionalaren esku utzi dituela. Argentinako epaileak kaleratutako atxiloketa aginduari «zehaztasun» falta zaiola dio Fiskaltzak. Eta atxiloketak «beharrezkoak» ez direla ere ziurtatu du, Espainiatik ihes egiteko arriskurik ez dutela argudiatuta. «Nola ez dagoela arriskurik? Argentinako legeak izugarrizko zigorrak ditu halako krimenentzat. Argentinako legeak badaki Espainiak babestu egingo dituela, eta horregatik eskatzen du estradizioa. Fiskal batek edo epaile batek, independentzia osoarekin jokatuz gero, berehala atxilotzeko agindu, eta Argentinako epailearen esku utzi beharko lituzke. Argudio hori barregarria da», esan du Ibargutxik.

Interpolek nazioartera bidali zuen laurak atxilotzeko agindua. Testuak «zehaztasuna» falta duela gaineratu du Fiskaltzak; delituak non eta noiz gertatu ziren ez duela argudiatzen. Horri ere erantzun dio Goldatuk, 209 orrialdeko ebazpenean Servinik zehaztu duela esanez.

Argudio horiek idatzi baten bitartez helarazi dizkio Fiskaltzak Auzitegi Nazionaleko epaile Pablo Ruzi. Hark erabaki beharko du Jesus Muñecas Aguilar, Celso Galvan Abascal, Jose Igancio Giralte eta Juan Antonio Gonzalez Pacheco Billy el Niño estraditatuko dituzten ala ez. Epailearekin ere mesfidati daude elkarteak, fiskalaren bide bera hartuko duelakoan. «Agian, barregarri ez geratzeko, Amnistiaren Legea eta iraungita daudela esan beharrean, beste zerbait esango du. Ez dute irteera garbirik. Batetik edo bestetik, oso gaizki geratuko dira. Agindua betetzen badute, onartuko dute Espainian kriminal asko daudela, eta onartzen ez badute, nazioartean nabarmen geratuko dira».

Erabakia hartu ostean helegiteak aurkezteko aukera legokeela uste du Espainiako Egiaren Batzordearen Aldeko Plataformako kide Jordi Gordonek. Horrez gain, nabarmendu du azken erabakia Espainiako Estatuarena dela, eta Fiskaltzak gobernuak urteetan izandako jarrera berretsi duela. «Berriro ere argi uzten du ez dagoela kondena formal bat, guztia argitzeko interesik ez dagoela eta krimen horiek existitu zirela onartu ere ez dutela egiten. Halako krimenak, gainera, zigortu egin behar dira, hala dio Espainiako araudiak ere».

Fiskalaren hitzak eta Servini epailearen ebazpena Ruzen mahai gainean dauden bitartean, biktimen abokatuak ere lanean ari dira. «Erabaki hori proba garrantzitsua izango da», esan du Gordonek. Baina Ruzek hitza hartu aurretik Servinik berak ere Auzitegi Nazionaleko fiskaltzari erantzungo diola pentsatzen du Goldatuk. «Ebazpenak nazioarteko jurisdikzioaren babesa izanda, fiskal batek ezin du halakorik esan. Nazioarteko jurisdikzioaren hitzarmena Espainiak sinatuta dauka, beraz, horren poderioz, fiskal batek epaile baten agindua bete egin behar du».

Argentina, «eredugarri»

Espainiaren jarreraren aldean Argentina «eredugarri» jokatzen ari dela adierazi du Goldatuk, auzia muturreraino eraman nahi duela nabarmenduz. Gaia «seriotasunez» lantzen ari dela pentsatzen dute. Interpolek hilaren 19an lau ustezko torturatzaileak atxilotzeko agindu zuen. Eta herenegun Argentinako Interpolek agiri bat kaleratu zuen, nazioarteko atxilotze agindu hori abian dagoela azalduz. Gainera,Argentinako kantzelergoak neurriak hartu zituen hilaren 20an Argentinaren edozein kontsuletxetan biktimen salaketak hartzeko aginduz. «Aurrera doan zerbait da». Goldaturen iritzi bera du Raul Herrerok ere. La Comuna elkarteko kidea da, «Kartzelan egondako errepresaliatu» moduan definitzen du bere burua, ez «biktima» gisa. «Trabak jartzen saiatuko dira, baina geldiezina da». Argentinak biktimak entzutea «berri paregabea» dela uste du, eta Espainia «hiltzaileen babesleku» bilakatuko dela. «Une historikoa» dela, eta Espainiako Gobernuak unearen beharrei erantzun beharko diela ere pentsatzen du.

Historian lekurik gabe

«Beti ukatu da guztia, Espainiako Estatuaren historian ere ez dira gertakari hauek agertzen», kritikatu du Gordonek. Herrero azalpen horrekin erabat ados dago. Salatu du halako krimenak zigorgabetasunean mantendu dituen «herrialde bakarra» Espainia dela. «Alemanian nazien seme-alabek horretaz hitz egiten dute, azalpenak ematen dituzte. Espainian, aldiz, ez zela gertatu dirudi, eta 40 urteko diktadura gogorra izan zen», adierazi dute. Nazioarteko epaile batek esku hartu behar izatea ere «tristea» dela uste dute. «Ez gara iraganarekin genuen kontu hau argitzeko gai izan, demokratikoki zor diegu justizia egitea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.