Ciudadanos alderdia krisian dela, Ruth Goñik alderdia utzi du, eta Espainiako Senatuan talde mistora pasatu da. Senatari izateari ez dio utziko, ordea. Hala iragarri du Twitterren: «Eskerrik asko Ciudadanosi urteotan aukera emateagatik proiektu politiko interesgarri bat defenditzeko. Ciudadanosek ideologia aldatu du. Alderdia utziko dut. Orain arte bezala Senatuan jarraituko dut, bozkatu ninduten nafarren ideiak berdin-berdin defenditzen».
Senatuan, zerrenda irekiak dira, eta herritarrek aukera dute nahi dituzten hautagaiak aukeratzeko, talde desberdinekoak izan arren. Dena den, Ruth Goñi Navarra Sumaren hautagaitzaren barruan aurkeztu zen. Koalizioaren hitzarmenaren barruan, behin aukeratuak izanda, aukeratutako senatari eta diputatuak alderdi bakoitzaren eserlekuetara joan ziren: UPNkoak talde mistora Kongresuan, eta Ciudadanosekoak eta PPkoak euren taldekoekin.
Ruth Goñiren hautuaren ostean, Javier Esparzak galdegin dio senatari akta utz dezan. «Norbait Navarra Suma taldearen barruan aukeratua bada, bere alderdi Ciudadanosen bitartez, logikaz akta utzi beharko luke». Esparzak gaineratu du begi txarrez ikusten duela «eserleku truke hori».
Carlos Perez Nievas Ciudadanoseko Nafarroako koordinatzaile eta Navarra Sumako parlamentaria ez du ezustean harrapatu albisteak. Haren iritziz, Goñiren irteera Fran Herviasek zuzendutako operazioaren testuinguruan dator, eta barrutik alderdia «garbitzeko» balioko du. «Ez da inongo galera», azpimarratu du.
Dena den, Perez Nievasek ohartarazi du behin eta berriz eskatu diola Goñiri senatari akta utz dezan. «Berak esaten du herritarrek aukeratu dutela, baina ergeltzat edo adingabetzat hartzen gaitu uste badu Ruth Goñi deitzen zelako aukeratu zutela herritarrek. Aukeratu dute Ciudadanosen zegoelako eta alderdiak Navarra Sumaren zerrendan sartu zuelako». Bere irudiko, Ciudadanosen politikarekin ados ez badago, akta utzi beharko luke. «Bere izen ona zikintzen ari da, eta geratzen zitzaion duintasun apurra bidean utzi du». Perez Nievasen arabera, jarrera desleiala izan du Goñik, eta argi zekiten talde mistora pasako zirenen artean egongo zela.
Goñiren azalpena
Albistearen protagonistak, gerora, bere erabakiaren inguruko azalpenak eman dizkie komunikabideei, Madrilen. Akta zergatik ez duen utzi galdetuta, Goñik argudiatu du ez dela politikatik bizi, bere ondarearen informazioa publikoa dela. «Akta utzi edo ez sakon aztertu dut, baina ez nuke nahi nire eserlekua erabiltzea Sanchez indartua atera dadin. Ez ginen hauteskundeetan aurkeztu ideia horrekin, Irailetik alderdia uztea buruan zuela aipatu du. «Ciudadanosen balio liberalak lurperatuak izan dira. Alderdiak itunak egin ditu Sanchezekin, eta ez nago ados horrekin, Sanchezek Bildurekin egin baitu ituna Nafarroako Gobernuan zein aurrekontuetan».