Ruper Ordorika musikari eta abeslari oñatiarrak 2024. urteko Gipuzkoako Foru Aldundiaren Abadia saria jaso du, irailaren 12an, Donostiako Tabakaleran. Berrogei urtez euskarazko sorkuntzaren eta kulturaren alde egindako lanagatik eman diote saria, eta ekarpen jori eta agorrezina aitortzeko. Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak hartu du hitza: «Asko eman diozu, ematen diozu, euskarari. Ematen diguzu euskal hiztunoi. 1980ko hamarkadan argitaratutako lehen disko haietatik abiatuz, kantagintzaren eta rockaren soro zabalean, euskarari eman dizkiozu makina bat abesti eta hitz. Eta, horrekin batera, euskal kantagintza eremu berrietara eraman duzu, rocka eta kantu tradizionala uztartuz, nazioarteko eta hemengo musikariekin elkar hartuz, literatura eta artearekiko zubiak landuz. Askatasunez, sorkuntza prozesua eta hizkuntza bera, beti-beti, zainduz eta aberastuz».
Bide berria euskarari
Abadia sariketak etapa berri bati ekin dio aurtengo aldiarekin, helburu argi batekin: sariari berari –eta, beraz, saritzen diren balioei– eta haren errekonozimendu publikoari garrantzia eta gogo berri bat ematea. Datorren urtean 25 aldi beteko dituzte sariek. Etapa berri horrek xede izango du Abadia sariei are eta prestigio handiagoa eta garrantzi instituzional handiagoa ematea. Euskararen biziberritzean eredugarriak diren pertsona, proiektu eta elkarteen lanari aitortza publikoa egin nahi die, eta hizkuntzari berari eta hiztun komunitateari eredu adierazgarriak eskaini.
Sariketen izena Anton Abadia Urrustoik euskararen sustatzaile gisa egindako ekarpena tarteko erabaki zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak 1996an. Euskararen normalizazioaren aldeko lana egiteko eta nabarmendutako pertsona edo elkarteen jarduna aitortzeko sortu ziren Abadia sariak. Ordutik, bi urtean behin edo urtero eman izan da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendaritzak antolatzen du.
Euskarazko sorkuntzari indarra
Azken urteetako emaitza positiboak gogora ekarri ditu Mendozak, eta gehitu du emaitza horien ondoren euskararen biziberritzean «erabileran eragiten» asmatu beharra dagoela, «atzerapausorik ez emateko». «Bidegurutze horretan koordenatu berriak markatu beharko ditugu, elkarlanean eta modu partekatuan. Eta horien artean kokatu behar dugu euskaraz sortutako kulturari eman beharreko bultzada», nabarmendu du, sorkuntza delako «hizkuntzaren errotari eragiten dion indarra». Sortzaileen lana nabarmendu du: «Sortzaileen hausporik gabe, hizkuntza bat bizi daiteke akaso bulegoetan eta ikasgeletan, baina nekez kale kantoietan, nonahiko pantailetan, taberna zuloetan edota gure seme-alaben ametsetan». Ordorikak diputatu nagusiaren eskutik jaso du Abadia sariaren oroigarria: Iñigo Aristegi Telloren Zazpi petaloak eskultura.
Saria jasotzean, sarituak ekitaldiko «abagune bikaina» baliatu nahi izan du aurreko belaunaldiaren lana goraipatzeko. «Hein handian haiengandik jaso nuen barru-barrutik mintzo zitzaidan mundu bat, nire musika gustuekin bat egin zezakeena», gogoratu du Ordorikak. Aurreko belaunaldiak egindako lanarekin jarraituz, ezkutuan lortutako disko haien bitartez, «euskal abeslari haiei esker emeki-emeki sartu nintzen kantutegi zaharrean eta gure jendearen berbetan eta doinuetan», adierazi du.
Hegoaldean, piramide alderantzikatua
Lore Jokoak erreferentzia gisa hartuta, Ruper Ordorikak Anton Abadia bera hartu du gogoan, herri kulturaren garrantzia azpimarratzeko: «Garbi zuen herri kulturak eta gurea bezalako hizkuntzek laguntza antolatua behar dutela, kultura hegemonikoen eraketan gertatzen den bezala; mezenasgo bat, nahi baduzu».
Hegoaldeko euskarazko sorkuntzaren munduak «piramide alderantzikatu baten itxura» hartu duela adierazi du, eta gogoeta egitera bultzatu ditu bertaratutakoak: «Goiko alde zabalean laguntza jasotzen duten komunikabideak, teknikariak, bitartekariak, aretoak, eta abar leudeke. Beste muturrean, berriz, oinarria behar zukeen tokian, erpin mendrean, euskaraz sortu nahian duin iraun ezinik dabilen egilea. Guztion lanak beharrezkoak izanik, ez ote da piramidea poliki-poliki eraldatzen hasteko unea? Bistan da piramide horrek ez duela orekarik. Sortzaileari behar duen lekua eman behar zaio herri honetan».