EAJk, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta ELA, LAB, UGT, Steilas, ESK, EHNE, Etxalde, Hiru, CNT eta CGT sindikatuek babestu dute gaurko martxa. Manifestazioa hasi aurretik argazkia atera dute denek elkarrekin. Baina han egon diren ordezkari guztien artean, Katalunian duela gutxi espetxetik atera ziren buruzagi independentistak izan dira manifestazioaren protagonista nagusiak.
Mobilizaziora gerturatutakoek txalo artean jaso dute Kataluniatik iritsitako ordezkaritza. Donostian dira Oriol Junqueras, Dolors Bassa, Carme Forcadell, Josep Rull eta Raul Romeva. Denak ere prozesu subiranistaren aurkako ebazpenen ondorioz preso egonak. @berriapic.twitter.com/qNB57kRXNQ
— Iosu Alberdi (@Atxurraa) October 23, 2021
Mobilizaziora joandakoek txalo artean jaso dute Kataluniatik iritsitako ordezkaritza. Donostian dira Kataluniako presidenteorde ohi Oriol Junqueras, Dolors Bassa, Josep Rull eta Raul Romeva kontseilari ohiak, eta Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohia. Denak ere prozesu subiranistaren aurkako ebazpenen ondorioz preso egonak. Horien artean, Junquerasek (ERC) eta Rullek (JxC) hartu dute hitza. Kataluniako presidenteorde ohiak azaldu du «aste berezia» dela hau, besteak beste, ezker abertzaleak astelehenean eginiko adierazpenaren ostean: «Adierazpen ausarta, zintzoa, eta bakera eta giza eskubideen babesera bidean eginikoa». Hala, nabarmendu du Euskal Herriak «elkarrizketaren, negoziazioaren eta akordioaren bidea» hartu duela, «gatazka politikoari konponbidea emateko asmoz».
Rullek, berriz, azaldu du bi direla Donostian egoteko arrazoiak. Batetik, euren espetxealdian «euskal gizartearen partetik jasotako babesa eskertzea». Bestetik, «euskal gizartearen gehiengo handi baten» eskaerak babestea: «Ez du zentzurik hamar urteren ostean, Espainiako estatuak hala jarraitzea». Rullen hitzetan, gatazka armatu bati amaiera ematean, ezinbestekoa da alde guztiek «eskuzabaltasuna» erakustea, eta horren parte behar luke estatuak «espetxe eta zigor zuzenbidearen normalizazioa» bultzatzea. «Espainiako Gobernuak salbuespen politikarekin amaitu behar du», nabarmendu du.
Azken hilabeteetan presoen gaian eginiko urratsak «positibotzat» jo ditu EAJko legebiltzarkide Irune Berasaluzek, eta bide horri jarraitzeko eskatu dio Madrili: «Espainiako Gobernuari eskatzen diogu salbuespen legedia buka dezala, ezabatu dezala». Haren hitzetan, «inoiz justifikaziorik izan ez duen legediak» preso askoren eskubideak urratu ditu, eta Aieteko Konferentziaren 10. urteurrena garai «aproposa» da hura bertan behera uzteko. Aldaketak presoen «gizarteratzea» izan behar du helburu, Berasaluzek azaldu duenez. Uste du bide horretan egin daitezkeen urratsek presoek «gogoeta kritiko bat» egitea ere erraztu dezaketela.
Aieteko Konferentziaren 10. urteurrena izan du hizpide EH Bilduko bozeramaile Maddalen Iriartek ere. Adierazpen hark hurrengo urteetako bide orria zehaztu zuela azaldu du, baina gogoratuz oraindik ere bete ez diren puntuak daudela: «Bai gatazkaren konponbidera bidean, bai euskal presoen eskubideak gauzatzerakoan». Horren eredutzat jarri du gaurko mobilizazioa: «Beste behin ere kalera atera gara euskal presoen eskubidea aldarrikatzera». Berasaluzek egin bezala, Iriartek ere Espainiako Gobernuari zuzendu dio bere mezua, «bere legea» bete dezala exijitzeko: «Urrats oso garrantzitsua emango litzateke herri honetan milaka eta milaka herritarrek eskatzen duten elkarbizitzaren alde».
Ahal Dugu-ren izenean, Aitzole Aranetak eta Maite Gartziak hartu dute hitza. Lehenak «ezinbestekotzat» jo du euskal presoak gerturatzea eta haien eskubideak errespetatzea. Hala, «funtsezko aldarrikapen» bati erantzunez batu da mobilizaziora. Gartziak ere «justua ez den espetxe legedia» aldatzearen aldeko mezua bota du: «Justizia sozial bat egoteko, giza eskubideak ez urratzearen alde egin behar dugu».
ELAko ordezkari Amaia Muñoak, berriz, bi salaketa egin ditu. Batetik, «onartezintzat» jo du Espainiako Gobernuak presoen gaiarekiko duen jarrera, eta exijitu dio, «aitzakiarik gabe», espetxeratuen eskubideak errespetatu ditzala, justizia trantsizionalaren mesedetan. Bestetik, presoen «erabilera politikoa» egitea egotzi dio Madrili: «Ezin da onartu gobernuak egiten duen xantaia. Presoak erabiltzen ditu bere politikak aurrera ateratzeko». Bide beretik, euskal sindikatuek gaiaren inguruan azaldutako batasuna azpimarratu du LABeko idazkari nagusiaren ondoko Igor Arroyok. Haren ustez, urratsak egin dira egungo egoerari amaiera emateko, baina gehiago behar dira: «Euskal presoak Euskal Herrira ekarri behar dira. Guztiak eta orain». Hala, gehitu Aieteko Konferentziaren 10. urteurrena dela urrats berriak egiteko garaia. «Urrats berri hori da Euskal Herrian, euskal jendartean eta euskal sindikatuon artean ere planteatzea argi eta garbi euskal presorik gabeko agertoki bat».