Euskal presoak. EPPKren agiria

Ruizen aferan, sektore baten jarrera gaitzetsi du EPPK-k

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak agiri batean esan du talde «jakin bat» egoeraz baliatu dela, besteak beste, ezker abertzaleari «erasotzeko»

enekoitz esnaola
2020ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
EPPK ere mintzatu da Patxi Ruiz euskal presoaren aferaz. BERRIAra helarazitako agiri batean, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak esan du Murtzia II kartzelan (Espainia) dauden bere kideak saiatu direla Ruiz laguntzen, baina Euskal Herriko «sektore jakin batek» egoera baliatu nahi izan duela EPPKri, EH Bilduri, Etxerat-i, Sareri eta Sorturi «erasotzeko». «Oso larria da».

Ruizek gose grebako 19. eguna bete zuen atzo, Murtzia II-n. AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak dio lehen hamabi egunetan egarri greba ere egin zuela; aldiz, estatuko espetxe administrazioko iturriek ez dute aipatu izan halakorik. «Borroka politikoa» hasi eta egun batzuetara zabaldu zituen aldarrikapenak Ruizek; besteak beste, bere osasuna bermatzea espetxeak, eta euskal preso guztiak Euskal Herriratzea. Mobilizazioak izaten ari dira Euskal Herrian —gaur, kasurako, manifestazioak izango dira Baionan, Bilbon, Gasteizen, Iruñean eta Donostian—; PSE, Ahal Dugu, Sortu eta, batez ere, EAJren batzokien aurkako pintaketak egin dituzte; eta AEMk Sorturen eta EH Bilduren jarrera deitoratu du.

Zehaztu ez duen talde baten jokabidea gaitzetsi du EPPK-k, «zenbait informazio ezkutatzea eta asmakizunak hedatzea» egotzita. «Patxi Ruizen muturreko erabakiaren aurrean sektore jakin batek izan duen jokabidea oso larria da. EPPK-ko kideei, EH Bilduri, Etxerat-i, Sareri eta Sorturi erasotzeko baliatu nahi izan du egoera, Patxiren egoera konpontzeko ezer ez egitea egotziz, eta, areago dena, egoera orokorraren errua ere leporatuz». Haren esanetan, «zenbaiten lehentasuna» aipatutako eragile horien kontra egiteko presoaren egoera erabiltzea da. «Estualdian eta egoera larrian den preso bati laguntzeko modu eraginkorrak bilatu eta lantzea baino erosoagoa zaie EPPKri eta orokorrean ezker abertzaleari erasotzea». Era berean, deitoratu du presoen egoeragatik kezkatzen den jende askoz ere baliatzen saiatu direla.

Ruizek maiatzaren 11n hasi zuen protesta, eta EPPK-k dio Murtzia II-n dauden kolektiboko kideek «lehen momentutik» eskaini ziotela «elkartasuna eta laguntza». «Osasuna lehenesteko gose eta egarri greba utz zezala eskatu zioten». Euskal presoaren egoerari «konponbidea» emateko «exijitu» diote kartzelako zuzendaritzari.

Kartzela politikaren ondorio

Ruizen egoera «salbuespenezko espetxe politika ankerraren ondorioa» dela iritzi dio EPPK-k. Esan du beste kide asko daudela egoera okerrean, eta jakinarazi du COVID-19aren garaian «zoritxarreko» beste hiru gertakari izan direla haien artean. Horietako bat aipatu du, publiko egina dena: Julen Atxurrarena. «Pandemiaren ondorioz ezarritako itxialdia itxialdi bikoitz bilakatu da euskal preso politikoontzat», adierazi du EPPK-k, eta nabarmendu preso zaurgarrienen kalterako dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.