Ruiz izango da EH Bilduren Kongresurako hautagaia, eta Innerarity Geroa Bairena

Martinezen lekua hartu du Innerarityk, zerrendan lehen postuan jarrita. Senaturako, Lujan hautatu du Geroa Baik, eta Begiristain EH Bilduk

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Iruñea
2016ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Ekainaren 26ko hauteskundeetarako Espainiako Kongresurako zerrendaburuak aldatu egin dituzte Geroa Baik eta EH Bilduk. Uxue Barkosen alderdiak Daniel Innerarity (Bilbo, 1959) filosofoa hautatu du hautagai nagusi gisa, Diario de Noticias egunkariak argitaratu duenez —Barkosek ez du baieztatu nahi izan—. Gaur berretsiko dute erabakia, alderdiaren batzarrean; zerrendako gainerako hautagaiak nor izango diren ere hor argituko dute. Abenduaren 20ko bozetan Koldo Martinez agertu zen postu horretan, eta haren atzetik Innerarity. Martinezek esana zuen Geroa Bairen esku utziko zuela zerrendak osatzeko erabakia, eta hautagai ez izateko aukera ere aipatu zuen. Barkosek atzo adierazi zuen «oinarrizko jokabidea» dela hori politikan: «Taldean egiten dugu lan».

EH Bilduk, berriz, Bakartxo Ruiz (Iruñea, 1977) proposatu du zerrendaburu —oinarriek berretsi behar dute zerrenda—. Aurreko bozetan Sabino Cuadra izan zen koalizioaren Nafarroako hautagaia, eta bigarren lekuan agertu zen Ruiz. Zerrendaburuak Twitter bidez adierazi duenez, «erronka, aukera eta ilusio» gisa ikusten du «milaka euskaltzale, aurrerakoi eta ezkertiar» ordezkatzea. Honako hauek izango dira EH Bilduren Kongresurako zerrenda osatuko dutenak, proposatutako hurrenkeran: Irati Jimenez kazetari eta idazlea (Bermeo, Bizkaia, 1977), Peio GurbindoAtarrabiako alkate ohi eta zinegotzia (Atarrabia, Nafarroa, 1964), Lur Albizu Euskal Ikasketetan graduduna (Artazu, Nafarroa, 1993) eta Joseba Compains abokatu eta NUPeko irakaslea (Iruñea, 1981).

Senaturako, Nafarroako Gobernua osatu zuten lau indar politikoak ez dira berriz aurkeztuko Aldaketa hautagaitza gisa, eta bakoitza bere aldetik joango da. Geroa Baik Ana Lujan (Tutera, Nafarroa, 1969) aukeratu du zerrendaburu izateko —Aldaketa hautagaitzarekin, senatari kargua lortu zuen abenduko bozetan—. EH Bilduk, berriz, Iruñeko zinegotzi ohi Xanti Begiristain (Larraun, Nafarroa, 1958) proposatu du.

«Gizarte aurrerakoia»

Abenduko bozetan, ez Geroa Baik ez EH Bilduk ez zuten eskuratu Kongresurako ordezkaririk Nafarroan. Ekainerako, Ahal Dugu eta Ezkerrarekin koalizioa osatzen saiatu dira, baina ez dute lortu. «Ezin izan da» adostasunik erdietsi, atzo Barkosek esan zuen gisan. Orain, Geroa Baikoaren hitzetan, «Nafarroatik ahots bat» eraman nahi dute Madrilera, «gizarte aurrerakoi, parekide eta justu baten alde lan egiteko».

EH Bilduko legebiltzarkide Iker Casanovak atzo aitortu zuenez, ez zuten abenduaren 20ko hauteskundeetako «azterketa gainditu», eta aldaketak egin dituzte ekainerako. «Lehenengo, pertsonetan eta zerrendetan. Bigarrenik, diskurtsoan eta eskaintzan, eta, hirugarrenik, jarreran».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.