Ruben Sanchez Uxueko alkatea ikertzen ari dira, 11 irregulartasun egotzita

Nafarroako Jardunbide Egokien Aldeko eta Ustelkeriaren Aurkako Bulegoak (OANA) abiatu du ikerketa, eta Sanchezek utzi egin du Geroa Sozialberdeak alderdia. Bere eraikuntza enpresaren alde obra publikoak adjudikatzeagatik ikertu dute.

Uxue
Ruben Sanchez, ezkerrean, Maisu Maistren Eraikinen 2022ko zaharberritzean. Nasuvinsaren eta udalaren arteko lana izan zen, eraikina gazteen alokairu publikorako baliatzeko. NAFARROAKO GOBERNUA
2025eko apirilaren 15a
14:58
Entzun 00:00:0000:00:00

Ruben Sanchez Remon Uxueko alkateak (Nafarroa) utzi egin du Geroa Sozialberdeak alderdia. Hala baieztatu zuen atzo Pablo Azkona alderdiko idazkari nagusiak. Salaketa anonimo bat oinarri hartuta, OANA Nafarroako Jardunbide Egokien eta Ustelkeriaren Aurkako Bulegoa alkatea ikertzen ari da, ustez 11 irregulartasun egitea egotzita. Udaleko lanak bere eraikuntza enpresaren alde adjudikatzea egozten diote.

Basandia izeneko koalizio independente batekin aurkeztu da Sanchez azken bi udal bozetan (2019an eta 2023an), eta azken sei urteetan Uxueko alkate izan da, beraz. Nafarroa erdialdeko 172 biztanleko herri txiki bat da Uxue. Iragan abenduan, Geroa Sozialberdeen kongresuan, alderdiko zuzendaritzako kide izendatu zuten Sanchez.

Ikerketaren xehetasun batzuk azaleratu dira azken egunetan. Udaletxea zaharberritzeko lanak alkatearen eraikuntza enpresaren esku utzi zituen udalak. Beste enpresa bat aurkeztu zen, baina atzera bota zuten haren eskaintza, forma akatsak zituela egotzita —242.000 euroko aurrekontua zuen proposamen hark—. Berriro egin zen lizitazioa, eta Sanchezen eraikuntza enpresak irabazi zuen lehiaketa, 295.000 euroko eskaintza eginda.

2019an, Maisu-Maistren Etxeak deritzen eraikinak eraberritu ziren bertan etxebizitzak egiteko eta gazteen alokairu publikorako erabiltzeko. Nasuvinsa sozietate publikoarekin elkarlanean egin zen obra hori, eta adjudikazio hori ere ikertzen ari da OANA. Aurreko urteetan egindako antzeko beste zaharberritze obra batzuen adjudikazioa ere ari da begiratzen: hala nola eskola publikoa, hilerria, ludoteka...

Orain ikerketa fasean da dena, eta Ruben Sanchezek adierazi du lasai dagoela, udalaren arauak errespetatu direla argudiatuta. Pablo Azkonak, berriz, adierazi du ikerketa babesten dutela eta aldi berean Sanchezen errugabetasun presuntzioa errespetatzen dutela.

OANA 2018an eratu zen, eta Geroa Baik babestu zuen ekinaldia, aldaketaren aldeko orduko indarrekin batera —hots, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak osatua—. Bulego horren zereginen artean dago Nafarroako administrazioak egiten dituen kontratuak eta lehiaketak zaintzea. Nafarroako Kontuen Ganberak ere kontrol hori egiten badu ere, haren lanaren osagarri zela azpimarratu zuten bulegoaren sorreran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.