Rubalcabak dio Estrasburgoren epaia abisua dela beste saio batzuentzat

Pastorrek dio Europako Auzitegiak argi utzi duela Espainia «erabateko garbitasunez» aritu dela legez kanporatzeekin. Norabide aldaketaren hasiera dela dio Kirogak, boto partikularrei begiratuta

Erredakzioa
Donostia
2010eko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Europako Giza Eskubideen Auzitegia Espainiako Gobernuari arrazoia ematen ari zaiola azpimarratu du Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak eta presidenteordeak. Espainiako Auzitegi Gorenak eta Konstituzionalak EAE-ANVren 133 zerrenda baliogabetu zituztenean ondo jokatu zutela esanez, epaia atera zuen Estrasburgok herenegun, eta hori «abisua» da, Rubalcabaren ustez: «Horretan dabiltzanentzako abisua izan da. Norbaitek uste badu armak utzi gabe instituzioetan sar daitekeela trikimailu hori erabilita, oker dago. Estrasburgok esan du hortik ere ezin daitekeela joan».

Antzeko irakurketa egin du Jose Antonio Pastor PSE-EEren bozeramaileak ere. «Iruzur motaren batekin» hauteskundeetara aurkezteko asmoa dutenentzat ohartarazpena izan da, haren ustez ere, Europako Auzitegiaren epaia. Erabakiak argi uzten du, haren ustez, legez kanporatze prozesuetan «erabateko garbitasunez» eta «legalitatean oinarritutako irizpide zorrotzak» erabiliz jokatu duela Espainiako Estatuak. «Gauzak bere tokian jartzen ditu. Ohituegiak gaude etengabeko kritikak eta Espainiako demokraziari buruzko deskalifikazioak entzutera».

Epaiari ikuspuntu baikorra topatu dio ezker abertzaleak. Xanti Kirogak Info7 irratian azpimarratu du bi boto partikular izan dituela eta horrek erakusten duela orain arte jarraitu duten bidea-legez kanporatzeak babestekoa- «birplanteatzen» ari direla. ANVren zerrendena Europako Auzitegiak legez kanporatzeei emandako azken babesa izatea espero du Kirogak. Legez kanporatzeen kontua iragana izango den eta historiaren ikuspuntutik «kritikatua» izango den garaia gero eta gertuago dagoela azpimarratu du: «Legez kanporatzeen historio makabroan azken babesa izatea espero dut».

Estrasburgoko Auzitegiak Espainiaren aldeko epaia eman bazuen ere, erabakia ez zuten aho batez hartu. Zazpi epailetatik bik boto partikularrak eman zituzten, ANVren 133 zerrenda horiek baliogabetzerako orduan Espainiak eskubideak urratu zituela argudiatuz. Europako Auzitegiaren epaia ez da irmoa, ANVren defentsak helegitea jartzeko aukera baitu, 15 eguneko epean. Gainera, baliogabetutako zerrendei buruz erabaki duen arren, alderdi horren legez kanporatzeari buruz oraindik ez du erabakirik eman Estrasburgok, auzi hori bananduta baitago. Nolanahi ere, aste honetako epaia HB, EH eta Batasunaren legez kanporatze auziei emandako babesaren bidean doa.

«Terrorismoaren aurka» elkar hartuta aritu behar dela berretsi du Rubalcabak, RNE irratian egin dioten elkarrizketan. Politikoki bat eginda eta irmo aritu behar dela uste du.

Pastorrek ez du uste ETAk «behin betiko su-eten egiaztagarria» emango duenik. «Zoritxarrez, ez dugu ikusiko bere historia makabroari agur esango dion agiririk». Horregatik, haren arabera, ezker abertzaleak eten behar ditu loturak erakunde armatuarekin. «Estatuak, bere aldetik, gogor jarraitu beharko du, orain arte bezala, indarkeria erabiltzen dutenen kontra».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.