«Plazer handia dugu estatu gabeko nazioak gomitatzea. Bakoitzaren egoeraz mintzatuz, elkarren berri izatea sustatzen dugu». Halaxe erran du Mathilde Hary EH Baiko bozeramaileak RPS eta EH Baik antolaturiko udako ikastaroen aurkezpenean. Agorrilaren 22an hasi eta 25ean bukatuko dira ikastaroak. Baionako Bernat Etxepare lizeoan eginen dituzte aurtengoak, Eskualde eta Herri Solidarioak federazioak eta EH Baik antolaturik. Haryren erranetan, sinbolismo handia du Etxepare lizeoan jardunaldi hauek antolatzeak.
Mintzaldiz eta jardunaldiz beteriko egitaraua osatu dute bi alderdiek. «Lurraldeen subiranotasuna» ardatz harturik, Ipar Euskal Herriko bi kasu aipatuko dituzte hitzaldi batean. Enargia argindar kooperatibako Marion Pichery eta Euskal Moneta elkarteko Xebax Christy gomitatu dituzte. Lehen ekitaldi hori osatzeko, Julien Milanesi Tolosako Unibertsitateko (Okzitania) ekonomia irakaslea gomitatu dute.
Peire Costa, RPS alderdiko zuzendariaren eta Haryren aburuz, tokiko hizkuntzen babesa lan ildo nagusietarik bat izanen da aurtengo ikastaroetan. Alta, ez dute «lurraldeen subiranotasuna» partean kokatu, burujabetza ekonomikoa lehenetsi baitute.
Bertzalde, agorrilaren 24ko goizaren parte bat eskaini diote tokiko hizkuntzen egoerari, Peio Jorajuriak, Seaskako presidenteak, hitzaldi bat eskainiko baitu euskararen egoeraz. Emmanuel Macron, Frantziako presidentearen agintaldiaren eragina aipatuko du batez ere. Euskararen normalizaziorako eta babeserako hainbat eragile izanik ere Ipar Euskal Herrian, erabaki dute Seaska bakarrik aintzat hartzea.
«Autonomistak eta eskualde mailako lurraldeak federatzen ditu RPS alderdiak»PEIRE COSTARPS alderdiko zuzendaria
Frantziako Asanblearako azken hauteskundeak jorratuz, Frantziako egoera politiko berriaz mintzatuko dira Paul Molac eta Peio Dufau diputatuak. Horrez gain, Kataluniako, Korsikako eta Euskal Herriko bake prozesuez arituko dira Francois Alfonsi RPSko presidentea eta Femu a Corsica alderdiko kidea, Meritxell Serret Kataluniako gobernamenduko ministroa eta Igor Zulaika Zurimendi EH Bilduko legebiltzarkidea.
RPSren 30. urteurrena
Aurtengo udako ikastaroetan, RPS alderdiak kongresua eginen du: agorrilaren 24an eta 25ean, hain zuzen. 1994an sortu zen alderdi hori. «Autonomistak eta eskualde mailako lurraldeak federatzen ditu», Costaren hitzetan. Euskal Herrian, alderdiaren barne daude EAJ, 1997tik, eta EH Bai, 2021etik. RPS alderdiaren emaitza onak agerian utzi ditu Costak: «Senatari bat eta lau diputatu ditugu: Peio Dufau Euskal Herritik eta Paul Molac Bretainiatik; beste biak Korsikakoak dira».
2012ko Frantziako Asanblearako hauteskundeei konparatuz aurten, Costak erran du RPS alderdiak emaitza berak ukan dituela. Nahiz eta hautagai gutiago izan dituen alderdiak, azken hauteskundeetan ukan garapena gaineratu du.
RPSko kide guziak lotzen dituen ardatza autodeterminazioa da. Horren harira, Haryk zehaztu du «Frantziako Estatuko alderdi politikoen sareko kideek hainbat ildo komun» dituztela: «Gure lan lerro nagusiak tokiko hizkuntzak babestea da, herrian duinki bizitzeko eta lan egiteko aterabideak bilatzea, desberdintasunen kontrako borroka eramatea eta progresio bat ukaitea instituzioetan, sinesten baitugu subiranotasuna handituko dela bide horretatik».