Roussetek, Txibitek eta Urkulluk ardatz atlantikoa lehenesteko eskatu dute

Frantziak Europako Batasunarekin hartutako konpromisoaren arabera, 2030erako amaitua behar luke. Frantziak 2042ra arte atzeratu du

Txibite, Intxauspe, Rousset eta Urkullu, atzo, Donibane Garaziko herriko etxearen atarian. GUILLAUME FAUVEAU.
gurutze izagirre intxauspe
2023ko martxoaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Frantziako azpiegituren erakunde arteko bileran, abiadura handiko trenaren Bordele eta Akize arteko lotura 2042rako eraikitzeaz jardun zuten, baina Akize eta Hendaia artekoa aipatu ere ez zutela egin jakinarazi zuen Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak atzo. Lehendakariak idatzitako gutunari erantzunez, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak erantzun zion konpromisoa zeukatela abiadura handiko trenaren loturen gaiarekin, baina, Frantziako azpiegituren erakunde arteko bileraren edukiak zein ziren jakinda, Macronen hitzekin mesfidati agertu zen Urkullu. Horregatik, iragan astean Espainiako ipar aldeko kostako erkidegoetako presidenteekin egin moduan, atzo Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidentearekin eta Alain Rousset Akitania Berrikoarekin elkartu zen, Donibane Garazin. Frantziak Europako Batasunarekin hartutako konpromisoaren arabera, abiadura handiko trena 2030erako eraiki behar zuten. Ardatz atlantikoa lehenestea eskatzeko elkartu ziren atzo Rousset, Txibite eta Urkullu.

Txibitek bi arrazoi azpimarratu zituen ardatz hori defendatzeko: batetik, Nafarroan industriak duen garrantzia aintzat hartuta, errepidetako garraioa arindu eta trenak funtzio hori beteko lukeela; bestetik, jasangarritasuna aipatu zuen, errepide bidezko garraioak gehiago kutsatzen duelakoan. Horregatik, esan zuen ardatz atlantikoa defendatzeko «formalki hedatutako erakunde arteko gune guztietan» egongo dela Nafarroa.

Urkulluk, trenarenaz gain, hidrogenoaren korridorean ere ardatz atlantikoa aintzat hartzeko eskatu zuen, «Europako fokutik kanpo ez geratzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.