Pintada Granollers herrian dago, Bartzelonan, Mundial zinema zegoen lekuan: Ei, bro! Parla en català, cabró (Ei bro! Katalanez hitz egin ezak, kabroi horrek). SEP Herrialde Katalanetako Ikasleen Sindikatuak sinatu du. Itxura guztiaren arabera, Katalunian bizi eta gaztelera hutsez aritzen diren herritarrei zuzendua da. Elebakardunei. Horietako asko kanpotik Kataluniara joandakoak izango dira, seguruenik, baina bertan jaioak ere izan litezke jomugan.
Lehenengo multzoan egon zitekeen Rosario Palomino, 90eko urteetan heldu baitzen Bartzelonara Perutik. Psikologoa zen. Katalana ikasi eta bere hizkuntza egin zuen. Katalanaren defentsan jardun zuen hasieratik. Berak bultzatu zuen, beste hiru lagunekin batera, Ez aldatu hizkuntza kanpaina. Ekimen horren bidez, ustez itxuragatik katalana lehen hizkuntza ez dutenekin erdaraz ez egiteko eskatu zieten herritarrei. Batzuen antzak aitzakia ematen baitie besteei aurreiritziak baliatu eta espainieraz mintzatzeko. «Ez dira konturatzen baztertuta sentiarazten nautela neure fisionomiagatik hizkuntza aldatzen dutenean», adierazi zuen emakumeak behin baino gehiagotan.
Kataluniako hedabide ugarik Rosario Palominoren berri eman dute egunotan. Haren ibilbidea deskribatu dute: espainiera zuen lehen hizkuntza. Aita kitxuaz mintzatzen zen, baina transmisio katea hautsi egin zen. Rosariok gazteleraz egin zezakeen Katalunian, milaka eta milaka herritarrek egiten duten bezala. Kontrako hautua egin zuen, baina. Diskriminazioari aurre egin eta kolonizatzailearen aurka altxatu zen. Espainiarrek Ameriketako hizkuntzak hil zituztela gogorarazten zuen sarri. Katalanari eusten zion beti. 2010ean epaiketa izan zuen polizia nazional batekin espainieraz egiteari uko egiteagatik. Kataluniaren independentziaren alde egin zuen, jaioterria gogoan: «Azken batean, kolonizatzailea berbera da». Katalana batasun tresna gisa ikusten zuen, herria eraikitzeko: «Leku guztietan jaiotako katalanak gara, gu batzen, berdintzen eta senidetzen gaituen hizkuntza defendatzen: hizkuntza katalana».
Zeinen erraz izango zukeen Rosario Palominok erdarari eutsi balio. Arazo eta buruhausterik gabe, gehiengoaren barruan lasai. Bide malkartsuena aukeratu zuen, ordea. Arantzez, baina, aldi berean, pozez betea. Ez dira asko izango, hala jokatzen dutenak. Ez Katalunian, ez Euskal Herrian. Horrexegatik ditugu eredugarriak. Eta besteak, zer dira?
«Euskaraz egiteko eskatuko diogu etorri berriari guk hemen odol galduen antzean jokatzen dugun bitartean?»
Errazena besteak kritikatzea da. Errua besteei botatzea. Zer egiten dugu euskaldunok, baina? Hizkuntzaren etorkizunari begira gutxiago kezkatzen naute gurera etorri eta, printzipioz, ikasteko interesik ez duten lagunek hemen jaio, euskara ikasi ez edo, areago, euskaraz jakin arren, hitz egiteari uko egiten diotenek baino. Lehengoan lagun batek Bizkaiko denda handi batean gertatua kontatu zidan: hango enplegatu batek ez zion euskaraz erantzun nahi izan, hizkuntzaz moldatzen bazen ere: «Librea naiz nahi dudan moduan mintzatzeko». Bezero batekin hitz egiten ari zen, baina berari bost axola.
Euskaraz egiteko eskatuko diogu etorri berriari guk hemen odol galduen antzean jokatzen dugun bitartean? Polizia edo guardia zibil batekin euskara erabiltzeko? Ertzaintzarekin? Eta udaltzainekin? Aste honetan jakin dugu Getxok polizia berrien erdiei baizik ez diela euskara eskatuko. Nola jokatu beharko du Rosario Palomino bezalako herritar batek udaltzain elebakar horietako baten aurrean badago? Euskarari eutsiko dio, ondorio txarrik ekarriko ote dion kezka gorabehera? Haren antzari erreparatu eta polizia euskaldun bat erdaraz hasten bada, zer egingo du? Pintada bat? Ei, bro! Hizkuntza zertarako ikasi dek? Euskaraz egin, kabroi horrek!
Donostia, astelehen arratsaldea. Emakume bat telefonoz mintzatzen ari da autobusean. Haren doinua hegoamerikarra da; fisionomia, amerindiarra. «Presaka nabil, euskarara joan behar dut eta», esan dio lagunari.
Rosario Palomino asteartean hil zen Bartzelonan, minbiziak jota. 53 urte zituen.