Eusko Jaurlaritzako Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak gaur arratsaldean eman dizkie dagozkien kasuen inguruko txostenak Rosa Zarraren eta Pasaiako sarraskiko lau biktimen senideei. Iragan astean txostenei buruzko hainbat xehetasun zabaldu ziren arren, familiek gaur jaso dute agiri ofizial osoa. Maria Jesus San Jose Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuak eskura eman die bilera batean. Zabaldu da biktima estatusa aitortu zaiela, eta senideek esana dute espero dutela aitortza publiko handiago baten atarikoa izatea.
Egia Jakiteko Eskubidearen Nazioarteko Eguna da gaur, eta Rosa Zarraren eta Pasaiako lauren —Dionisio Aizpuru, Pedro Mari Isart, Jose Mari Izura eta Rafael Delas— senitartekoek itxaropena dute senideen heriotzaren inguruko argibide gehiago jasotzeko. Bide luze baten amaiera izango da horientzat guztientzat, Balorazio Batzordeak urteak behar izan baititu ikerketak egin eta txostenak idazteko.
Zarra 1995eko ekainaren 30ean hil zen, Donostia ospitalean. Zortzi egun lehenago, Ertzaintzak gomazko pilota bat bota zion gertutik Amara Berrin, eta pilotakadak eragin zizkion zaurien ondorioz hil zen Zarra. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak —hala deitzen zen orduan Segurtasun Saila— ukatu egin zuen gomazko pilotaren ondorioz hil zela, eta jakin denez, Balorazio Batzordeak familiaren bertsioa berretsi du.

Zarraren senideek bi urte eta erdi egin dituzte gaur jasoko duten agiriaren zain. 2023an ikerketa hasi zuenean, Jaurlaritzaren Balorazio Batzordeak esan zien prozesuak hiruzpalau hilabete iraungo zuela, baina, azkenean, luzatu egin da.
Zarraren senideak, dena den, zuhurtziaz mintzatu dira, eta ez dute baloraziorik egingo txostena irakurri arte, ez baitakite Balorazio Batzordearen txostenak zenbat sakonduko duen egun horietan gertatutakoan, ezta «egia» zenbateraino argituko den ere: heriotza soilik aitortuko duten edo Zarraz esandakoak gezurra zirela ere bai.
41 urte
Pasaiako laurak 1984ko martxoaren 22an hil zituzten, tirokatuta. Eusko Jaurlaritzak motibazio politikoko biktima gisa aitortu ditu Dionisio Aizpuru, Pedro Mari Isart, Jose Mari Izura eta Rafael Delas. Komando Autonomo Antikapitalistetako kideak ziren laurak, eta Espainiako Poliziak antolaturiko segada batean hil ziren. Guztira 113 bala zulo zenbatu zituzten lau gorpuetan.
Haien senideek ere gaur jasoko dute Balorazio Batzordearen txosten osoa, baina iragan astean jada pasarte asko argitaratu ziren. Besteak beste, Balorazio Batzordeak Eusko Jaurlaritzari eta Eusko Legebiltzarrari gomendatu die aitortza eskaera egiteko Espainiako erakundeei, «aztertutako egitateetan haien segurtasun kidegoek eta indarrek izandako erantzukizuna kontuan hartuta».
Bestalde, post mortem ikerketaren zenbait xehetasun eman dituzte, eta adierazi kasua ez dela «behar bezala» ikertu: «Ez zen aztertu gertakarien lekua, gorpuaren altxatzea ere eskas eginda dago, ez zen arropa aztertu, eta ez zen egin ez azterketa kriminalistikorik ez balistikorik». Beste pasarteetako batean diote justizia administrazioan ez zela egon «ikerketa judiziala bultzatzeko jarrera proaktiborik». «Inork ikerketa eginbideren bat proposatu duenean agenteak identifikatzeko edo 1984ko martxoaren 22an Pasaian zer gertatu zen argitzeko, fiskaltzak aurka egin du ia-ia beti», gehitu dute.