Rosa Zarra Marin donostiarra 1995eko ekainaren 30ean hil zen, 58 urte zituela, Ertzaintzak gomazko pilota batez zauritu eta zortzi egunera. Elkarretaratze batean parte hartzera joan zen Donostiako Anoetako estadioaren inguruetara, bezperan Lasa eta Zabalaren hileta elizkizunetan egondako istilu larriak salatzera, eta Anoetan ere istiluak sortu ziren; ETAk bahitutako Jose Maria Aldaia enpresariaren askatasunaren aldeko kontzentrazio bat ere deituta zegoen inguruan. Istilu horietan, Zarrak pilotaka bat jaso zuen sabelaldean zortzi bat metrora, lekukoen arabera, eta handik egun gutxira hil zen.
Haren senar Xabier Irazustak eta senitartekoek BERRIAn azaldu dute «pilotakadak eragindako infekzioaren ondorioz» hil zela; «garbi geratu zen 2023ko urtarrilaren 26an, Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordearen aurrean egindako agerraldian». Familiak salatu du geroztik urte erdi joan dela eta ez dietela ezer jakinarazi Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritza organo kudeatzaileak. Zarraren senitartekoek «beste enpatia eta hurbiltasun jarrera bat» espero zuten.
Zarraren heriotzaren auzian «gezur ofizial bat eraiki» zela salatu dute maiz familiak eta memoriaren esparruko beste talde batzuek. «Rosiren heriotza, heriotza naturala izan zela zioen gezurrari» aurre egin behar izan diote haren gertukoek, egia ofizialari alegia, eta horrek «etsipena, injustizia sentsazioa eta gaindiezina den mina» eragiten die.
Zarraren heriotzaren auzian «gezur ofizial bat eraiki» zela salatu du familiak. «Rosiren heriotza, heriotza naturala izan zela zioen gezurrari» aurre egin behar izan dio.
Familiak bilera bat izan zuen Eusko Jaurlaritzako Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordearekin, 2023ko urtarrilaren 26an, eta Paco Etxeberria forentsearen galderei erantzunez, Zarraren jarraipena egin zuen mediku nefrologoak heriotzaren arrazoiak azaldu zituen, eta «ez zen zalantzarako zirrikiturik utzi: heriotza, pilotakadak eragindako infekzioaren ondorioa izan zen». Familiak dio batzordeko forentseek ere ez zutela zalantza agertzeko moduko galderarik egin.
Baina erantzunik ez
Bizpahiru hilabeteren buruan, batzordeak, euren erabakia hartu, eta Justizia Sailera helaraziko zutela jakinarazi zion familiari. «Lasai hartzeko» esan zieten, denbora behar zela. Baina urte oso bat igaro zen berririk gabe, eta 2023ko uztailean, Gasteizera deitu zuten ea zer gertatzen zen jakiteko. «Gai zaila» zela esan zieten, baina udazkenean berriak egongo zirela.
Aurtengo apirilaren 13an, Indarkeriaren oi(h)artzunakfilma eman zuten Giza Eskubideen Zinemaldian, Tamara Muruetagoienak zuzendua, torturen ondorioz hildako Esteban Muruetagoienaren alabak. Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeko burua ere han zen, eta, ikusleei parte hartzeko tartea zabaldu zietenean, Zarraren senitartekoek euren egoera azaldu zuten. Ekitaldiaren irteeran, Jaurlaritzako Giza Eskubide saileko langile publiko batek agindu zion familiari harremanetan jarriko zirela berehala, haiek egindako kontaketaren arabera. Baina gaur arte ez dute erantzunik jaso.
Gaur, «Rosi maitasunez, goxotasunez eta samurtasunez» gogoratzeko ekitaldi bat egingo dute; 12:30ean izango da, Donostiako Amara auzoan. Familiaren «zauria sendatzen uzten ez duten gertakarien eta gezurraren (egia ofizialaren) aurrean», aitortza, justizia eta erreparazioa eskatuko dute omenaldian.