Rosa Roderok eta Asun Lasak leituko dute Bilboko manifestazioko mezua

ETAren biktima da bat, eta GALena bestea. 'Ez dezagun historia errepikarazi' izango da Baionako leloa, eta 'Orain presoak' Bilbokoa

Sareren eta Bakegileen agerraldia, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2020ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Rosa Rodero ETAren biktimak eta Asun Lasa GALen biktimak jarriko diote ahotsa Bilboko manifestazioko azken mezuari. Sarek eta Bakegileek eman dute berria, atzo Donostian egindako agerraldi bateratuan. «Herri honek jasandako indarkeriaren biktima diren bi emakumezkok ahotsa eman nahi izan diote manifestazioaren amaieran irakurriko den testuari». Gaineratu dute emakume horiek argi dutela gorrotoak eta mendekuak kalte bakarrik egiten dutela, eta ez dutela nahi inork euren izenean hitz egitea, edo euren mina «modu alderdikoi» batean erabiltzea. «Eraiki egin nahi dute, ahanzturarik gabe, baina aurrera eginez, gorrotorik gabe». Elkarbizitza horretarako, «ezinbestekoa» iruditzen zaizkie bai biktimen eta bai presoen ekarpena, hausnarketa eta parte hartzea.

Astebete falta da hilaren 11n euskal presoen eskubideen alde Bilbon eta Baionan egingo diren manifestazioetarako. Baionako martxa izango da goiztiarrena, 15:00etan hasiko baita, eta 17:00etan abiatuko da Bilbokoa.

Sarek eta Bakegileek gogoan izan dituzte euskal presoen senideak. Bilboko eta Baionako manifestazioetan bilduko diren milaka lagunen babesa dutela ziurtatu diete, eta gogorarazi dute ehunka senidek eta lagunek astero errepideetara atera eta ehunka edo milaka kilometro egin beharra daukatela presoak ikusteko.

Presoen senideei ez ezik, Madrili eta Parisi ere mintzatu zaizkie. Bilboko manifestazioa baliagarria izango dela diote gobernu berria «ispilu aurrean jarri eta argitara ateratzeko estaltzen saiatzen diren errealitatea». Bestetik, ziurtatu dute Baionan kalera aterako direla «haserrea, deliberamendua eta anbizioa» adieraztera, «aniztasunik handienean, bake justu eta iraunkor bat» nahi dutelako. «Konbentziturik gaude presoen gaiak ez diela kalterik egiten biktimei», gaineratu dute.

«Orain da garaia», ziurtatu dute. Alde batetik, esan dute Madrilgo politikariek jabetu behar dutela hemen konpondu gabeko arazo bat dagoela, eta «elkarbizitzarako konponbidea» ezinbestekoa dela konturatu. «Sanchez presidenteak duela urte eta erdi espetxe politika aldatzeko asmoa iragarri zuen, ETA desegin ostean zentzurik ez zuela eta. Hitz ederrak; ekintzak, ordea, ez horrenbeste», gaineratu dute. Era berean, gogorarazi dute Emmanuel Macron Frantziako presidenteak «eredugarritzat» jo zuela Euskal Herria «gatazkaren konponbidean» eta «armetatik ateratzeko bidean», eta estatuaren eginbehartzat hartu zuen «mugimendua sustengatzea». Bakegileek babarmendu dute ez dutela etsiko ele «eder» horiek errealitate bihurtzen diren arte.

Bi mezu, helburu bera

Ez dezagun historia errepikarazi mezua izango da Baionako manifestazioaren buruan joango den pankartan. «Aurrera egin nahi dugu, eta gure seme-alabentzat eta bilobentzat etorkizun hobea utzi», azaldu dute. Bilbon ere gazteak izango dira protagonista, haiek eramango baitute manifestazioaren buruan Orain presoak jarriko duen oihal handi bat. Bi mezu izan arren, helburu berak izango dituzte: irtenbide «justua eta iraunkorra» eraikitzea, errespetua eta erreparazioa eskaintzea biktima guztiei, eta behin betiko amaitzea espetxeetan presoek eta senideek jasaten dituzten eskubide urraketak.

Bakegileek eta Sarek azaldu dute Baionako eta Bilboko manifestazioak era sinbolikoan batuko dituztela. Hau da, Baionakoa bukatutakoan, testigua —makila bat pasatuko diotela Bilbokoari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.