Eusko Legebiltzarrerako bozak

Rosa Martinez, Ahal Dugu-ren hautagai Jaurlaritzako lehendakaritzarako

Hauteskunde primarioak egitekoa da Ahal Dugu, eta Martinezek bihar aurkeztuko du bere hautagaitza, zuzendaritzako kideek babestuta.

Rosa Martinez, Espainiako Kongresuan, artxiboko irudi batean.
jon olano
2020ko urtarrilaren 27a
10:07
Entzun

Apurka-apurka, argituz doa nortzuk lehiatuko diren Eusko Jaurlaritzako lehendakari izateko. EAJko Euzkadi Buru Batzarrak IƱigo Urkullu proposatuko du zeregin horretarako, eta martxoaren 7an izendatuko dute; beharrezko gehiengoak lortuz gero, hirugarren legealdia luke Ajuriaenean. Gaur, EH Bilduk jakinarazi du Mahai Politikoak Maddalen Iriarte proposatuko duela Jaurlaritzako lehendakarigai izateko. PSE-EEk ere erabakia du Idoia Mendia izango dela sozialisten hautagaia; 2016an aurkeztu zen aurrenekoz, eta bigarrenez lehiatuko da orain lehendakaritzara heltzeko.

Ahal Dugu-n ere badira mugimenduak. Rosa Martinez Equoko bozeramaile ohiak (Leon, Espainia, 1975) hautagaitza aurkeztuko du Ahal Dugu-ko primarioetan; bihar aurkeztuko du bere hautagaitza, Lander Martinez idazkari nagusiak eta Cristina Makazaga Jarduera Instituzionaleko idazkariak lagunduta. Rosa Martinez Espainiako Kongresuko diputatu izan zen, 2015eko eta 2016ko bozetan Bizkaian aurkeztuta. Gaur egun, Elkarrekin Podemosek Eusko Legebiltzarrean duen taldearen koordinatzaile lanetan dihardu.

Ahal Dugu-k herenegun onartu zuen primarioen egutegia; horren arabera, otsailaren 2tik 7ra bitartean edukiko dute hautagaiak aurkezteko epea. Otsailaren 23tik martxoaren 1era egingo dute kanpaina, eta martxoaren 4an izendatuko dute lehendakarigaia.

PPk ere oraindik ez du argitu zein izango den beren hautagaia, baina alderdiko kide ugarik Alfonso Alonso Euskal Autonomia Erkidegoko PPko presidentearen hautagaitza babestu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.