Rosa Lluchek dio ez zuela «mindu» Otegik haren aitari buruz esandakoak

Otegiren hitzak «negatiboak bainoago, positiboak» dira, Lluchen ustez. Bozetarako kanpainan biktimen mina «erabiltzea» egotzi die alderdiei

Rosa Lluch joan den abenduan Foro Sozialak Bilbon antolatutako mahai inguru batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Maider Galardi
2019ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Ernest Lluch ETAk hildako Espainiako ministro ohiaren alaba Rosa Lluchen esanetan, Arnaldo Otegiren adierazpenak bere aitari «aitortza egiteko saiakera» bat izan dira: «Otegiren hitzek ez ninduten mindu», jakinarazi du. EH Bilduko koordinatzaile nagusiak joan den astean TV3 telebistako saio batean esan zuen Ernest Lluchen gisako politikari gehiago falta direla, eta horrek iskanbila sortu zuen hainbat alderdi politikotako arduradunen artean. Lluchek, ordea, adierazi du Otegiren hitzak «negatiboak bainoago, positiboak» direla, eta ezker abertzalea ari dela «egindako mina aitortzeko urratsak egiten». Edonola ere, Lluchek uste du Otegi «berriro motz» gelditu dela.

EH Bilduko koordinatzaile nagusiak joan den astean egin zituen adierazpen horiek, TV3 telebistako saio batean. Galdetu zioten ea Ernest Lluchen tankerako politikariak falta ote diren, eta Otegik baietz erantzun zuen, «arazo politikoak konpontzeko metodo gisa elkarrizketa defendatzen zuen heinean».

Adierazpen horiek erreakzio ugari eragin dituzte, eta Otegiri leporatu diote Ernest Lluchen jarrera politikoa goratzea orain, eta ez lehenago, ETA indarrean zegoenean ETAk 2000ko azaroaren 21ean hil zuen Lluch. Ordea, haren alaba Rosa Lluchek esan du EH Bilduko koordinatzailearen hitzek ez diotela «minik» eragin, eta «aitortza saiakera» bat izan dela. Hala ere, EH Bilduko koordinatzaile nagusiak «pauso bat harago» ez jo izana gaitzetsi du: «Uste dut falta zaiola urrats bat gehiago egitea. ETAren biolentzia, bahiketak eta hilketak gaitzestea, hain justu».

Rosa Lluchek Radio Euskadinegindako elkarrizketa batean egin ditu adierazpen horiek, eta, haren aitaren gisako politikari gehiago behar ote diren galdetuta, erantzun du politikari figura hori baino, aita duela faltan: «Nik uste dut bere gisako aita gehiago falta direla. Kostatu egiten zait aita politikari gisa irudikatzea. Baina bai, haren moduko gehiago falta direla pentsatzen dut».

Hala ere, Lluchek nabarmendu du berea iritzi «pertsonala» dela, eta ezin duela «biktima guztien izenean» hitz egin. Norberak bere minak dituelako, eta horiek kudeatzen aritu direlako.

Biktimen erabileraren aurka

Hain zuzen ere, Lluchek arbuiatu du beste alderdi politikoek gaia erabili izana: «Terrorismoaren biktimek asko sufritu dugu, eta, nire ustez, halako polemikek min gehiago ematen dute. Guk gure mina dugu, eta hori kontrolatzen ikasi dugu, baina bat-batean gaseosa botilak izango balira bezala irekitzen dira berriz, eta hori ez da batere erabilgarria». Are gehiago, datorren hauteskunde zikloan sartuta, biktimak «modu jakin batean» erabiltzea ere egotzi die zenbait alderdiri.

Lluchek ohartarazi du biktimak «erabiltzekotan» kasu egin behar zaiela, eta, gainera, gaitzetsi du soilik ETAren biktimen inguruan aritzea: «Badaude beste biktima batzuk, eta horietaz ere gogoratu beharko lirateke. Gainontzean, honek, komunitatean, ezinegona sortzen dit».

Era berean, esan du ezker abertzalea urratsak egiten ari dela egindako mina «aitortzeko» eta alderdi batzuei egotzi die «joko-arauak» aldatzea eskaera horiek bete ahala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.