BERRIAk Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidente ohia (1960) elkarrizketatu du, Madrilen, eta etzi argitaratuko da elkarrizketa, paperean eta webgunean. Enekoitz Esnaola kazetariak elkarrizketatu du Zapatero, haren bulegoan, joan den asteartean. Bestak beste, Espainiako presidente zela gertatutakoak izan dituzte hizpide: haren gobernuak ETArekin 2005-2007an izandako elkarrizketa prozesua, ETAren jarduera armatuaren bukaera, gatazkaren ondorioak, eta Euskal Herriko eta Kataluniako auzi politikoak.
Rodriguez Zapatero 2004tik 2011ra arte izan zen Espainiako presidente. Madrilgo martxoaren 11ko atentatuen osteko hauteskundeak irabazi zituen, lehen aldiz. Lau urte geroago, berriro irabazi zituen hauteskundeak, orduan ere Mariano Rajoyren aurka. Lehen legegintzaldian Espainiako armada Iraketik erretiratu zuen, sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak legeztatu zituen, Memoria Historikoaren legea onartu zen, migratzaileak erregularizatu zituen, Kataluniako estatutua berritzeko prozesua hasi zen eta ETArekin bake prozesu bat negoziatu zuen. Horrengatik guztiagatik, presidentetzan izan zen aldi horretan PPk gogor egin zuen haren kontra, eta tentsio politikoak gora egin zuen Espainian.
Irakurri gehiago: Zapateroren elkarrizketaren inguruabarrak.
2006ko martxoan ETAk su-eten iraunkor bat iragarri zuen, eta hurrengo hilabeteetan hainbat gertakari izan ziren. Urte horretako ekainaren 29an Zapaterok adierazpen instituzional batean ofizialki jakinarazi zuen Espainiako Kongresuan ETArekin negoziatzeko elkarrizketak hasiko zituela. 2006ko abenduaren 30ean ETAk Barajasko aireportuko atentatua egin zuen, T-4ko aparkalekuan, eta bi lagun hil zituen. Rodriguez Zapaterok 2007an iragarri zuen bertan behera geratzen zirela elkarrizketak ETArekin.
2008an hauteskundeak irabazi zituen berriro Zapaterok; lehen aldiz, PSOEk 11 milioi boto baino gehiago eskuratu zituen Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan. Bigarren legegintzaldia krisi ekonomikoak baldintzatu zuen. 2011n, ez zela beste agintaldi baterako aurkeztuko esan, eta, bozetarako deitu ondoren, horietarako hilabete bat falta zenean, ETAk jardun armatua bukatutzat eman zuen, 2011ko azaroaren 20an.