Aldaketak hasi dira Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailean. Rodrigo Gartzia izango da Ertzaintzako zuzendari berria, Lehendakaritzak jakinarazi duenez. Azken urteetan, Segurtasun Sailean aritu da Gartzia, koordinazio zuzendari. Ertzaintzaren zuzendaritza hartuko du orain. Gervasio Gabirondo ordezkatuko du.
Gartziak ibilbide luzea egin du administrazioan. 1986an sartu zen, Hezkuntza Sailean, unibertsitateko irakasleen arduradun gisa, eta ondoren Osakidetzan izan zituen ardura postuak —besteak beste, idazkari nagusia izan zen—. 1998tik 2009ra, kontsumoaren arloan aritu zen: zuzendari lehenbizi, eta sailburuorde ondoren.
2009an, sozialistak Jaurlaritzara iristearekin batera, gobernutik irten zen Gartzia, eta euskalgintzan hasi zen lanean: Azkue fundazioko zuzendari izan zen 2009tik 2013ra arte. Teknologia berrien bidez euskararen erabilera sustatzeko helburua du fundazio horrek, eta hainbat erakunderen babesa du: Bizkaiko Foru Aldundiarena, Bilboko Udalarena, Euskaltzaindiarena, EHUrena eta Deustuko Unibertsitatearena. Aurretik ere, 1980ko hamarkadan, euskalgintzan aritu zen Gartzia: besteak beste, zuzendari izan zen Ermuko Anaitasuna ikastolan, Donostiako Axular lizeoan eta Eibarko Mogel ikastolan.
Irakasle ikasketak egin zituen EHUn, eta Filosofia eta Letretako lizentziaduna ere bada.