Rodolfo Martin Villa ez auzipetzea erabaki du Argentinako Zigor Kasazioko Ganbera Federalak, Argentinako Auzitegi Gorenak. Gizateriaren aurkako krimenak egotzi zizkioten zenbait elkartek, Espainiako Poliziak Gasteizko martxoaren 3ko sarraskian eta 78ko sanferminetan German Rodriguezen hilketan izan zuen jokabidearengatik. 1976an, Martin Villa Gobernazio ministroa zen Espainiako Gobernuan. Argentinako justiziak ez du ikusten egotzitako delituen eta egiletzaren inguruko «froga zuzen edo zeharkakorik».
Apelazio auzitegi batek 2021eko abenduan hartutako erabakiari arrazoia eman dio Auzitegi Gorenak, eta Martin Villaren auzipetzeari baliogabetuta eutsiko diote. Hainbat elkartek helegitea jarri zioten erabaki horri, baina ez du aurrera egin. Erabakia, hala ere, ez da aho batezkoa izan. Izan ere, ganberako presidenteak Martin Villaren aurkako helegitearen alde bozkatu du.
2014an hasi zen prozesua, Maria Servini epaileak ministro ohia atxilotzeko agindu zuenean. 2021eko urrian, Martin Villa auzipetzea erabaki zuen Argentinako epaileak, eta ministro ohiak helegitea jarri zion erabaki horri. Argentinako Ganbera Kriminal Federalak tramiterako onartu zuen. Oraingoan bezala, epaileek ez zuten «frogarik, ez zuzenekorik, ez zeharkakorik, ezta zantzurik ere» topatu ministro ohiari egotzitako delituen inguruan. Epaileen arabera, Servinik huts bat egin zuen kalifikazio juridikoan: ez dute frogatutzat jotzen Gasteizko eta Iruñeko hilketak gizateriaren aurkako delitu izan zirenik.
Helegitea
Martxoak 3 elkarteak eta Kereila Argentinarra sostengatzeko Estatuko Koordinakundeak (Ceaqua) Argentinako epaitegiaren erabakiarekiko «desadostasuna» agertu dute. Gogorarazi dute Martin Villak Argentinako kereilan inputatuta jarraitzen duela gizateriaren aurkako krimenengatik, hamabi hilketa egotzita. «Epaitegiak sakondu egin behar du aipatutako krimenen ikerketan, berriro prozesatzea agintzeko», azpimarratu du Martxoak 3 elkarteak.
Une honetan, Ceaquako talde juridikoa aztertzen ari da Argentinako Auzitegi Gorenean errekurtsoa jartzeko aukera.