Rodolfo Aresen ondarea aldarrikatu du PSE-EEk Bilboko omenaldian

«Hura gabe ez dago euskal sozialismoa ulertzerik», nabarmendu du Eneko Anduezak ekitaldian

Eneko Andueza, Nora Abete, Pedro Sanchez eta Patxi Lopez, atzo, Bilboko Campos Eliseos antzokian. ARITZ LOIOLA / FOKU.
joxerra senar
2023ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
«Adiskidea eta bihotzeko laguna». Gorantz begira, Patxi Lopez lehendakari ohi eta PSOEko diputatuak halaxe agurtu zuen Rodolfo Ares zena. Urtarrilaren 26an zendu zen agintari sozialista, eta, atzo haren ondare politikoa aldarrikatu zuen PSE-EEk, Bilboko Campos Eliseos antzokian egindako omenaldian. Eneko Andueza alderdiko idazkari nagusiak bere egin zuen ekitaldiko leloa, Ares, ezinbesteko sozialista: «Ezin da ulertu euskal sozialismoa Rodolfo Ares gabe, eta ezin da ulertu Rodolfo Ares euskal sozialismorik gabe». Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente eta PSOEko idazkari nagusiak goraipatu zuenez, Aresen ondare horri esker, Patxi Lopez ez da «azken lehendakari sozialista izango».

Sanchezen alboan eseri zen Rodolfo Aresen ama, eta, ekitaldiaren erdian, Nora Abete Bilboko alkategaiak loreak eskaini zizkion. Hitza hartzen lehena izan zen Abete, eta gogoratu zuen Ares Bilboko hautetsi izan zela 1990eko hamarkadaren hasieran. Haren hitzetan, orduko Espainiako Gobernua konbentzitu zuen Bizkaiko hiriburuaren eraberritzean inbertitu zezan. «Egun gozatzen dugun Bilbo irudikatu zuen».

Halako goraipamen ugari entzun ziren antzokian. Aresen alde pertsonala azpimarratu zuten. Adibidez, Abetek oroitu zuen harekin egon zen azken aldian alkategai izatera animatu zuela.

Patxi Lopezek ere gogoan zuen beti alboan zuela. «Niretzat, beti erantzuten duen presentzia iraunkorra izan zara, umila eta ausarta». Hunkitua zegoela nabari zen: «Zenbat gautan atera behar izan genuen terroristek alderdikide bati autoa erre edo lehergailua jarri ziotelako etxeko atarian; suntsitutako zenbat egoitza bisitatu behar izan genituen elkarrekin, eta zenbat kide agurtu malkoak irensten eta hortzak estutzen genituen artean. Zenbat sekretu gorde, helburu gorena lortzeko». Hala, Jesus Egiguren, Alfredo Perez Rubalcaba eta Jose Luis Rodriguez Zapaterorekin batera bakegintzan egindako ekarpena azpimarratu zuen.

Diskurtsoetan islatu zenez, alderdiaren egituran eta egunerokoan oso presente egon da Ares. Lopezek aitortu zuen arraro egiten zitzaiola ekitaldia hasi aurretik hura ez ikustea urduri, antolaketan azken aginduak ematen.

Alderdiaren erreferente

«Rodolfo gabe, bizitzea kostako da», aipatu zuen egungo idazkari nagusiak. «Eskuak askatu eta bakarrik ibiltzera doan haurraren modukoa da. Estropezu egin eta altxatzen ikasi behar du», gaineratu zuen Anduezak. Gogoan izan zuen maiz eguneko lehen telefono deia harena izaten zela, eta «azkena ere bai». Zetorrena aldez aurretik antzemateko gaitasuna zuela ere goraipatu zuen. Anduezaren irudiko, «belaunaldi oso batentzat erreferente» izan zen.

Omenaldiari amaiera eman zion Pedro Sanchezek. Espainiako gobernuburuak aitortu zuen pertsonalki ez zuela ezagutu, baina azpimarratu zuen alderdiko militantziarentzat eredu eta ispilu izan zela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.