Rodolfo Aresen erreferentzialtasuna nabarmendu dute eragile politikoek

Jaurlaritzaren irudiko, «Euskadirentzat onena» nahi izan zuen; EH Bilduk doluminak helarazi ditu

PSE-EEren eta Batasunaren arteko bilera, 2006ko uztailean, Donostian. JON URBE / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2023ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Alderdikideenak, gobernukideenak eta oposiziokoenak. Erreakzio soka ekarri du Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Barne sailburu ohiaren heriotzak. Desberdintasunak desberdintasun, hark egindako lana eta izandako erreferentzialtasuna nabarmendu dituzte, oro har.

EUSKO JAURLARITZA

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak adierazi du Aresek «Euskadirentzat onena» nahi izan zuela: «Terrorismoaren aurkako borrokan ezinbesteko lana egin zuen, bere bizitza arriskuan jarrita». Gaineratu du PSE-EEren historia ezin dela ulertu haren ekarpenik gabe, eta solidaritatea adierazi die alderdikideei, lagunei eta senitartekoei. Bingen Zupiria bozeramaileak, berriz, esan du «galera humano handia eta politikoki garrantzitsua» dela Aresen heriotza. Egungo Segurtasun sailburuak ere, Josu Erkorekak, gogoan izan du Ares: «Besarkada bat bidaltzen diet hiru urtean Eusko Jaurlaritzako Herrizaingoko sailburua izan zen Rodolfo Aresen familiari eta pertsona maiteei. Bat egiten dut alderdi sozialistako haren lankideekin ere».

EAJ

Euzko Alderdi Jeltzaleak ere atsekabea eta mina agertu ditu, eta Ares «euskal sozialismoaren erreferentetzat» jo du, «trantsizio garaitik». Familiari eta «kide sozialistei» doluminak eman dizkie, sare sozialen bidez. Halatsu hitz egin du Andoni OrtuzarEAJko Euskadi Buru Batzarreko presidenteak ere. «Sozialista peto-peto bat» joan dela nabarmendu du, politikari «gogorra, baina beti negoziatzeko prest zegoena». Finean: «Sozialistek noranahiko buruzagi bat galdu dute, eta euskal politikak, erreferente historiko bat». Barne sailburu ez ezik, Bilboko Udaleko zinegotzi ere izan zen Ares, eta gogoan izan du egungo alkateak, Juan Mari Aburtok. «Gertutasuna» helarazi die PSE-EEko kideei eta Aresen senideei.

EH BILDU

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak ere Ares oroitzeko hitz batzuk zabaldu ditu sare sozialetan: «Denbora batez, harekin partekatu nituen elkarrizketa eta negoziazio esparruak. Desadostasunetik, elkarrizketa zintzoa izan genuen». Otegik doluminak adierazi dizkie Aresen senideei, lagunei eta PSE-EEko kideei. Bat egin du Eusko Legebiltzarreko bozeramaile Maddalen Iriartek ere: koalizio abertzalearen izenean, doluminak eman dizkie familiakoei eta «PSE-EEko familia politikoari».

ELKARREKIN PODEMOS-IU

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramailea atsekabetuta azaldu da, eta elkartasuna helarazi die Aresen gertukoei: «Babes osoa eta besarkada estu bat bidali nahi dizkiet haren ingurukoei eta alderdiko partaideei».

PP

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPren buruak, Carlos Iturgaizek, pena adierazi du Ares hil delako: «Rodolfok [Aresek] arrastoa utzi zuen euskal politikan, eta beti gogoratuko dut estimuarekin». Hori horrela, bere partez etaEAEko PP osoaren partez doluminak eman dizkio PSE-EEri.

ESPAINIAKO GOBERNUA

Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek ere hartu du hitza. Nabarmendu du «euskal sozialismoaren historiko bat» joan dela, «zerbitzari publiko bat, ausardiaz lan egin zuena ETAren amaieraren eta bakearen, askatasunaren eta bizikidetzaren alde». Goibel mintzatu da: «Egun tristea da PSOEko kide guztientzat».

SINDIKATUAK

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako CCOO sindikatuaren idazkari nagusiak, Loli Garciak, Aresek egindako «ekarpena» gogoratu du; EAEko UGTko idazkari nagusiak, berriz, aipatu du «askatasunaren aldeko eta terrorismoaren aurkako borrokalari nekaezina» izan zela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.