Gaur aurkeztu dute Araba Euskaraz jaia iragartzeko kantua: Mugaezin. Jaiaren leloa horixe bera da aurten. EH Mertxe taldeak egin du abestia, rock doinuekin, eta Ibai Landaren hitzekin. Ekainaren 16an da aurten festa, Oionen, San Bizente ikastolak antolatuta.
Landa bera EH Mertxe musika taldeko kidea da; ikastolan egin zituen ikasketak, eta irakasle ari da egun. Taldeko gainerako kideak ere ikastolan ibiliak dira.
«Abestiarekin, eta abestia oinarri hartuta osatu dugun dantzarekin, euskarak ez duela mugarik adierazi nahi izan dugu», nabarmendu dute gaurko aurkezpenean. Bideoklipa «auzolanean» egin dutela azaldu dute: ikastolako ikasle, irakasle, guraso eta sortzaileak batera aritu dira. Lander Etxedonak zuzendu du.
Oion euskararen «periferian» dagoela gogoratu dute Araba Euskaraz-eko antolatzaileek, baina ikastolako jardunak «erdigunera» daramala euskara. «Jatorri ezberdineko kidez» osaturiko komunitate bat direla esan dute.
Abestiaren aurkezpen kontzertua gaur bertan izango da, EHUren Arabako campuseko unibertsitate pabiloian, 19:00etan. Kantu «kementsua» dela nabarmendu dute, eta «dantzagarria», jairako deia egiteko egokia.