Roblesek iradoki du justifikatuta dagoela independentisten aurkako espioitza

«Zer egin behar du gobernu batek norbaitek konstituzioa urratzen duenean?», galdetu du Espainiako Defentsa ministroak. Aragonesek eskatu du Robles kargugabetzeko

Margarita Robles Espainiako Defentsa ministroa, atzo. J.J.GUILLEN / EFE.
Oihane Puertas ONA
2022ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
«Zer egin behar du gobernu batek norbaitek konstituzioa urratzen duenean? Norbaitek independentzia deklaratzen duenean? Norbaitek bide publikoak mozten dituenean? Desordena publikoak egiten dituenean?», adierazi zuen atzo Margarita Robles Espainiako Defentsa ministroak, Diputatuen Kongresuan. Horrela, iradoki zuen azken egunotan publiko egindako politikari independentisten aurkako espioitza kasuak justifikatuta daudela. Izan ere, Kongresuan, Mireia Vehi CUPeko diputatuak galdetu zion ea zer arrazoi dauden abokatuak, kazetariak, politikariak eta Kataluniako gizarte zibileko kideak espiatzeko.

Hamar egun dira The New Yorker hedabideak buruzagi independentisten aurkako espioitzaren berri eman zuela, Citizen Lab institutuak eginiko ikerketa batean oinarrituta. Horrek krisi politiko bat zabaldu du Espainiako Gobernuaren eta hari sostengua ematen dioten alderdien artean, eta gaia Espainiako Kongresura heldu zen atzo; gobernuaren kontrol saioan, EAJ, EH Bildu, ERC, Junts, CUP, Ciudadanos eta Vox indar politikoek galdetu zioten gaiaz Roblesi, baina baita Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari eta Felix Bolaños Presidentetza ministroari ere.

Roblesen erantzunak zeresana eman zuen Kongresutik kanpo ere. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak, esaterako, Defentsa ministroak bere buruari egin zion galdera erantzun zuen txio batean, eta adierazi zuen gobernu batek bere independentzia aldarrikatzean, Erresuma Batuak Eskoziarekin egingo lukeen «gauza bera» egin beharko litzatekeela. «Nazio horren borondatea errespetatzea. Demokrazia esaten zaio». Pere Aragones Kataluniako Generalitateko presidenteak ere izan zuen gaiari buruz esatekorik, eta Robles kargugabetzeko eskatu zuen: «Hitz horiek politikoki ezgaitzen dute».

Roblesek azaldu zuen Espainiako Gobernuak eta haren organismo publikoek zuzenbidearen arabera jokatzen dutela, «legeek ezartzen dituzten kontrolekin». Hala ere, Espainiako zerbitzu sekretuei dagokienez, ministroak ez zuen gauza handiegirik argitu: «Espainiako zerbitzu sekretuei dagokien guztian isildu egin behar dut, legea betetzen dudalako». Azaldu zuenez, 11/2002 Legearen 5. artikuluak sekretu betebeharra ezartzen du. Hori horrela, kongresuan Sekretu Ofizialen Batzordea «ahalik eta azkarrena» eratzeko nahia adierazi zuen, gaiari buruz hitz egin ahal izateko.

Aitor Esteban EAJko diputatuaren arabera, ordea, batzordea eratzeak ez du «ezer ere ez» konponduko: «Bost urte daramatzat batzorde horretan, eta ez da sekretu bat bera ere jakinarazi». Horregatik eskatu zuen propio auzi honi buruzko ikerketa batzorde bat osatzeko eta gaiari lotutako dokumentuak desklasifikatzeko: «Dokumentuak desklasifikatu behar dituzue. Desklasifikatu, eta gero Sekretu Ofizialen Legea indargabetu».

Jon Iñarritu EH Bilduko diputatuak ere kezka bera agertu zuen, uste baitu Sekretu Ofizialen Batzordeak ez duela balioko auzia argitzeko: «Defentsa ministroak esan du sekretuen batzordera joateko, baina bertan ez da ezer ere ez argituko. Hori iradoki du, eta fokua batzorde horretan ari da jartzen». Horrekin, azaldu zuen gobernua ez dela egoerari «behar bezala» aurre egiten ari, eta «berandu» ari dela neurriak hartzen zer gertatu den argitzeko eta berriro ez gertatzeko, «bateraezina baita demokrazia eta oposizioa espiatzea».

Auzia argitzeko neurriak

Sanchezek ere hitz egin zuen auziaz, baina ihes egin zien Gabriel Rufian ERCko diputatuak egindako galderei. Izan ere, Rufianek argi esan zuen estatuak «legez kanpo» espiatu izan duela, eta etorkizunean ere horrela espiatuko duela. Hori kontuan hartuta, gobernuburuari galdetu zion ea oraingoan estatuak berak agindu duen espioitza hori. Sanchezek, ordea, zehatz erantzun gabe utzi zuen ERCko kidearen galdera. Horren ordez, nabarmendu zuen gobernuak «gardentasunez, objektibotasunez eta legezkotasunari erantzunez» lan egingo duela gertatutakoa argitzeko.

Gaineratu zuen dagoeneko pausoak eman dituztela norabide horretan: batetik, adierazi zuen Espainiako zerbitzu sekretuetan barne kontrol bat jarriko dutela martxan. Bestetik, sekretu batzordea desblokeatu dutela adierazi zuen, besteak beste, «informazio hori ganbera osoaren aurrean modu pluralean partekatu ahal izateko».

Felix Bolaños Presidentetza ministroa ere Robles baino abegikorrago aritu zen bazkideekin, eta nabarmendu zituen Espainiako Gobernuak «egia argitzeko» eman dituen aurrerapausoak. Zerbitzu sekretuen barne kontrolaz gain, Bolañosentzat «oso garrantzitsua» da Justiziarekin elkarlanean aritzea, «dokumentuak desklasifikatuz eta dokumentazioa eskainiz».

Horrela, Presidentetza ministroak adierazi zuen Espainiako Gobernuak «elkarrizketaren aldeko apustua» egiten duela, eta, horrekin batera, eskatu zuen aurrejuzgurik ez egiteko: «Egia gardentasunez argituko dugu, ate irekiekin, kontzientzia lasai duen eta dena ezagutzea nahi duen gobernu batekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.