espioitza

Roblesek CNIko langileak defendatu ditu, eta ez du Pegasusen inguruko aparteko azalpenik eman

Espainiako Kongresuko Defentsa Batzordea bildu da. EH Bilduk espioitza kasu guztiak ikertzeko eta argitzeko eskatu du; EAJk, berriz, «erantzun politikoa» nahi du.

Margarita Robles agerraldia egiten, gaur goizean. J.J.GUILLEN / EFE
Irati Urdalleta Lete.
2022ko maiatzaren 4a
16:41
Entzun

Pegasusekin egindako espioitzaren ekaitza ez da baretu. Eta ez dute horretan lagunduko Margarita Robles Espainiako Gobernuko Defentsa ministroak esandakoak —edo ez esandakoak—. CNI Espainiako zerbitzu sekretuetako langileak, armadakoak, poliziak eta guardia zibilak defendatu ditu, haietaz «bereziki harro» dagoela esanez. Espainiako Kongresuko Defentsa Batzordean egin ditu adierazpenok; ordea, eztabaidagai nagusiaren inguruan, espioitzaren inguruan, ez du aparteko azalpenik eman.

Ministroa orokorrean aritu da. Esan du edozeinek delituren baten berri duenean ez duela «isildu edo saihestu» behar, justiziara jo baizik. Horregatik, ziurtatu du beti gisa horretako ekintzak daudenean Espainiako Gobernua— eta Robles bera lehenengo— justizia auzitegietara joango direla.

Roblesi irmo erantzun diote EAJk nahiz EH Bilduk. Koalizio abertzalearen diputatu Jon Iñarrituk galdetu dio ea Espainiako Gobernuari nahiz buruzagi independentistei egindako espioitza kasu guztiak ikertzeko asmorik ba al duten. Horri lotuta, «neurri bikoitzak» ez erabiltzeko eskatu dio, eta denak ikertzeko, kasuak argi daitezen.

Eskaerak egitearekin bat, Espainiako Gobernuak Europako «espioitza kasurik zabalenean» orain arte izandako jokamoldea ere kritikatu du Iñarrituk, aldakorra izan dela iritzita: «Lehengo ukatu egin zenuten; gero, puntatxoa besterik ez zela onartu, kasu bakar batzuk judizialki baimenduta zeudela eta beste batzuk ez esanez; eta, orain, gertaera hauen biktimatzat aurkezten zarete». Erantzukizuna bere gain hartzeko eskatu dio ministroari: «Zure ardura da argitzea, [egilea] dena delakoa izanda ere, izan kontrolik gabeko elementuen erasoa —estatuaren estoldak deitzen zaienak—, izan kanpokoak».

Joseba Agirretxea EAJren diputatuak «maila goreneko eskandalu politikokotzat» du 60 ordezkari politiko baino gehiagori —kataluniarrak gehienak, baita EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegi eta Iñarritu ere— nahiz Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari eta Roblesi «Pegasus izenekoa erabilita ustez egin zaien espioitza». Horren aurrean, ikerketa eta «erantzun politikoak» galdegin ditu: «Ezin dugu egin ezer gertatu ez balitz bezala. Anabasa da, eta argitu beharra dago. Aztertu, argitu behar da, eta erantzun politikoa eman behar zaio».

UP, erantzukizun politiko eske

Espioitza kasuak Espainiako Gobernuan bertan ere arrakalak sortu ditzake. Unidas Podemosen izenean, Pablo Echeniquek «erantzukizun politikoa maila gorenean» onartzeko eskatu dio Roblesi: «Begien bistakoa iruditzen zaigu, egilea edozein dela ere, ezinbestekoa dela erantzukizun politikoak maila gorenean hartzea». Buruzagi independentistak zelatatzea «jasanezina» begitantzen zitzaion, eta nabarmendu du «krisia beste maila batera» eraman duela Espainiako Gobernuko kideak ere espiatu zituztela jakiteak. «Benetako eskandalu» gisa izendatu du gertatutakoa.

Bihar jarraituko du auziak: Paz Esteban CNIko zuzendariak agerraldia egingo du sekretu ofizialen batzordean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.