Roblesek CNIko langileak defendatu ditu, espioitzaren harira

Espainiako Kongresuko Defentsa Batzordea bildu da, baina ministroak ez du aparteko azalpenik eman. EH Bilduk espioitza guztiak ikertzeko eta argitzeko eskatu du; EAJk, berriz, «erantzun politikoa» nahi du

Margarita Robles Espainiako Gobernuko Defentsa ministroa, atzoko agerraldian. J.J.GUILLEN / EFE.
Iosu Alberdi Irati Urdalleta Lete
2022ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Pegasusekin egindako espioitzaren ekaitza ez da baretu. Eta ez du horretan lagunduko Margarita Robles Espainiako Gobernuko Defentsa ministroak esandakoak —edo esan gabe utzitakoak—. CNI Espainiako zerbitzu sekretuetako langileak, armadakoak, poliziak eta guardia zibilak defendatu ditu, haietaz «bereziki harro» dagoela esanez. Espainiako Kongresuko Defentsa Batzordean egin zituen adierazpenok atzo; ordea, eztabaidagai nagusiaren inguruan, espioitzaren inguruan, ez zuen aparteko azalpenik eman.

Ministroa orokorrean aritu da. Esan du edozeinek delituren baten berri duenean ez duela «isildu edo saihestu» behar, justiziara jo baizik. Horregatik, ziurtatu du beti gisa horretako ekintzak daudenean Espainiako Gobernua —eta Robles bera «lehenengo»— auzitegietara joango direla.

Irmo erantzun diote EAJk eta EH Bilduk. Koalizio abertzalearen diputatu Jon Iñarrituk galdetu dio ea Espainiako Gobernuari nahiz buruzagi independentistei egindako espioitza kasu guztiak ikertzeko asmorik ba al duten. Horri lotuta, «neurri bikoitzak» ez erabiltzeko eskatu dio, eta denak ikertzeko, kasuak argi daitezen.

Eskaerak egitearekin bat, Espainiako Gobernuak Europako «espioitza kasurik zabalenean» orain arte izandako jokamoldea ere kritikatu du Iñarrituk, aldakorra izan dela iritzita: «Lehenengo ukatu egin zenuten; gero, puntatxoa besterik ez zela onartu, esanez kasu bakar batzuk judizialki baimenduta zeudela eta beste batzuk ez; eta, orain, gertaera hauen biktimatzat aurkezten zarete». Erantzukizuna bere gain hartzeko eskatu dio ministroari: «Zure ardura da argitzea, [egilea] dena delakoa izanda ere, izan kontrolik gabeko elementuen erasoa —estatuaren estoldak deitzen zaienak—, izan kanpokoak».

Joseba Agirretxea EAJren diputatuak «maila goreneko eskandalu politikotzat» du hirurogeiordezkari politiko baino gehiagori nahiz Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari eta Roblesi «Pegasus izenekoa erabilita ustez egin zaien espioitza». Horren aurrean, ikerketa eta «erantzun politikoak» galdegin ditu: «Ezin dugu egin ezer gertatu ez balitz bezala. Anabasa da, eta argitu beharra dago. Aztertu, argitu behar da, eta erantzun politikoa eman behar zaio».

Espioitza kasuak Espainiako Gobernuan bertan ere arrakalak sor ditzake. Unidas Podemosen izenean, Pablo Echeniquek «erantzukizun politikoa maila gorenean» onartzeko eskatu dio Roblesi: «Bistakoa iruditzen zaigu, egilea edozein dela ere, ezinbestekoa dela erantzukizun politikoak maila gorenean hartzea».

Europan ere hizpide

Europako Parlamentuko osoko bilkurara ere iritsi da Pegasusen inguruko eztabaida. Eurodiputatuak parlamentu hartan irekitako ikerketa batzordeaz, eta Hungariako eta Poloniako gobernuen kasuez aritu dira nagusiki, baina ez da bazterrean geratu independentisten aurkako espioitzaren afera ere. Halere, Johannes Hahn Aurrekontu komisarioak, Europako Batzordearen izenean, argudiatu du Batzordea ez dela «kasu indibidualak» ikertzeko lekua, eta, zelatak «zigortu beharreko krimenak» diren arren, argudiatu du haiek estatuetako autoritateek ikertu behar dituztela.

Euskal Herriko alderdi abertzaleetako kideek independentisten aurkako espioitza izan dute hizpide, baina baita halakoek Europan izan dezaketen eragina ere. EH Bilduko Pernando Barrenak adierazi du «Pegasus izozmendiaren punta» dela, eta gehitu halako tresnak debekatu beharra dagoela. Izaskun Bilbao jeltzaleak, berriz, argudiatu du ikerketak beharrezkoak direla inplikatuta dauden estatu kide guztietan, eta Europako Batzordeari ere eskatu dio esku hartzeko. «Estatu bakoitzeko legez kanpoko espioitza bakoitzaren atzean ekin gogor haiei bat dago», adierazi du, 2017an Espainiatik Kataluniara joandako poliziei erreferentzia eginez.

Kataluniako independentisten artean, hitza hartu duten guztiak espioitzaren biktima izan dira. Besteak beste, JxCko Carles Puigdemontek adierazi du «orain arteko espioitza kasurik handiena» dela, eta gehitu Pegasus eta demokrazia ez direla «bateragarriak». ERCko Diana Ribak, berriz, EBko instituzioei eskatu die ekiteko. Izan ere, salatu du independentisten aurkako espioitza europarlamentuaren kontrako erasoa ere badela.

PSOEko kideek uko egin diote gaiaz hitz egiteari, eta zenbait parlamentarik jarrera hori kritikatu diote Fernando Lopez Aguilar sozialistari, hark begia Polonian eta Hungarian jarri duelako.

PPko kideek, berriz, halako tresnen erabilera justifikatu dute. «Eraso jihadistak eteteko balio dute», adierazi du Juan Antonio Zoidok, eta gehitu ez lukeela inor harritu beharko sedizio delituengatik zigortutako jendea espiatzeak. Voxeko Jorge Buxade batu zaio: «Gutxi espiatu zaituztete».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.