Robert Hirigoien euskaltzale larresoroarra zendu da

Herri Urratsen, Lapurtarren Biltzarraren, Kanboko ikastolaren eta Ote Lore elkartearen sortzaileetako bat izan zen Hirigoien. Larunbatean zendu zen, eta azken agurra ostegunean eginen diote, 10:00etan, Larresoroko elizan.

Robert Hirigoien. BERRIA
Robert Hirigoien. BERRIA
Iñaki Etxeleku.
2025eko urtarrilaren 6a
17:00
Entzun

Robert Hirigoien euskaltzalea (Larresoro, Lapurdi, 1944) larunbatean pausatu zen, 80 urte bete berriak zituela. Euskara eta euskal kultura akuilatu ditu sutsuki bizi guzian. Gauza anitzen sortzaile eta bultzatzaile izan da Hirigoien, bereziki euskararen alde eta kultura arloan. Euskarari eta Euskal Herriari atxikia zitzaien azkarki. Langile akiezina eta umila izan da ibilbide guzian.

Herri Urratsen, Seaskaren Iparraldeko ikastolen besta handiaren sortzaileetan zen Hirigoien. Funtsean, Herri Urrats sortzeko ideia Marijo Iriarte emazteak eta hark ukan zuten, 1984an, Durangon (Bizkaia), Ibilaldia jaialdian izan ondoan. Herri Urratsen sortzeko lehenbiziko bilkurak  haien etxean egin ziren, Larresoroko Gaxienean. Herri Urrats izena bera haren proposamenetik jin zen. Hastapenean, Herriaren Urratsa proposatu zuen Hirigoienek. Hondarrean, laburrago egiteko, Herri Urrats hautatzea trenkatu zuten.

Besta egiteko leku bila ere ibili zen hastapenetako taldearekin: Ainhoan, Kanbon... eta, azkenean, Senpereko aintziraren mentura agertu zitzaien. Ez zen oraingo itxurakoa aintzira hura, orduan larre eta pentzez inguratua baitzen, eta etxe bakarra zen. Lehen urteetan, Gaxienea Herri Urratseko puska anitzen biltegia ere izan zen. Hirigoienek berak aitortu izan du lehen urtetik gaindituak izan zirela Herri Urratsek bildu arrakastarekin. 5.000 lagun espero zituzten, baina aise gehiago agertu ziren. Beti azpimarratu izan du lehen urte horietan zer munta handikoa izan zitzaien euskal iheslarien laguntza bai muntaketa lanen egiteko eta bai biharamunean aintzira inguruen altxatzeko.

Ikastolekin historia lehenagotik hasia zitzaien Hirigoien eta Iriarte senar-emazteei, lehenbiziko burasoetarik baitziren. Iñaki eta Arantxa seme-alabak dudatu gabe ikastolan ezarri zituzten. Hortaz, Kanboko ikastolaren sortzailetan zen Robert Hirigoien. Xalbador kolegioaren altxatze lanetan ere ibili zen.

Lapurtarren Biltzarra

Kultur arloan ere elkarte eta ekitaldi sustatzaile izan da Hirigoien. Hala nola Uztaritzeko Lapurtarren Biltzarraren sortzailetan zen.

Larresoron, Ote Lore elkartea sortu zuten duela berrogei urte, eta Hirigoien barne zen, hastetik. Funtsean, hark zuen Ote Lore izena proposatu. Orduan ez zen baitezpada giroa alde Larresoron, baina euskal kulturaren berriz piztea zuten xede. Hala piztu zituzten Jondoni Martinen bestak, azaroan, eta harrizko zubiko bestak ere bai. Elkarte horrek berrogei urte bete zituen iaz, eta euskal kulturaren biziarazteko xedearekin jarraitzen du. Segida ontsa bermaturik utzi zuen Hirigoienek.

Hirigoienek gazterik jada argi zuen herriaren eta hizkuntzaren aldeko borrokak loturik egin behar zirela.

Bisitak Kanboko hil etxean egiten ahal dira, astearte arratsalde honetatik goiti. Ostegunean eginen diote azken agurra Hirigoieni, 10:00etan, Larresoroko elizan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.