Roazhonetik, Angelura

Bihar arte, elkarretaratzeak, eskuorri banaketak, hitzaldiak eta film emanaldiak eginen dituzte Lorentxa Gimon askatzearen alde, Angelun. Herritarrei parte hartzeko eta bertan lotan gelditzeko deia egin diete.

Lorentxa Gimonen aldeko kanpalekua jarri dute Angelun. Irudian, oihalezko etxeetako bat barnetik, astelehen arratsean. ISABELLE MIQUELESTORENA.
maddi ane txoperena iribarren
Angelu
2016ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Roazhonen (Bretainia) egindako manifestazio jendetsuaren ondotik, Angelura (Lapurdi) pasatu du Bagoaz kolektiboak Lorentxa Gimon larriki eri den presoaren aldeko mobilizazioa. Angeluarra da Chronen gaixotasuna pairatzen duen euskal preso hori, eta daukaten espetxetik herrira lekualdatu dute protesta, hark ere bide hori eginen duen esperantzan.

Bihar emanen du Parisko Dei Auzitegiak Gimon baldintzapean aske uzteari buruzko epaia, eta ordura arte protesta iraunkorra eginen dute, Angeluko Herriko Etxearen aitzinean ezarritako kanpalekuan. Astelehen arratsean hasi zuten itxialdia, Gimonen aldeko elkarretaratze jendetsuaren ondotik —150 bat lagun bildu ziren—. Gauean, hamar lagun inguruk egin zuten lo han, oihalezko etxe baten azpian prestaturiko oheetan.

Egunez, joan-etorrian dabil jendea. Janaria prestatu, materiala bildu, informazioa banatu... Emilie Martin Bagoaz-eko bozeramaileak azaldu duenez, horixe baita helburua: «Jendeari zer gertatzen den esplikatu nahi diogu». Horretarako, hainbat taldetan banatu, eta eskuorriak banatzen ari dira Angelun eta inguruko herrietan. Informazio gune bat ere paratu dute lo egiteko etxolaren ondoan: sakabanaketak eragindako ondorioak erakusten dituzten panelak daude han, bertzeak bertze.

Iluntzeetan ere badago zer egina: atzo, erraterako, Barrura begiratzeko leihoak dokumentala proiektatu zuten Angeluko Denen Etxean, arratsalderoko elkarretaratzearen ondotik. Gaur, berriz, hitzaldia eginen dute leku berean, Bagoaz-ek eta Bake Bideak antolatuta, 20:00etan. Bake prozesua eta preso eta iheslarien itzulera izanen dituzte hizpide.

Hautetsien babesa

Hainbat hautetsi pasatu dira egunotan Angeluko Herriko Etxean prestaturiko kanpalekutik. Astelehen gauean, erraterako, Claude Olive Angeluko auzapeza joan zen, eta ez zuen itxialdia egiteko eragozpenik ezarri. Gaur, berriz, sostengua ematera joan dira zenbait hautetsi. Horien artean, EH Baiko Eneko Aldana eta Iker Elizalde, Pierre Gillemotonia Lehuntzeko (Lapurdi) auzapeza eta Argitxu Iriart Urruti Kanboko (Lapurdi) hautetsia.

Herritar guziei eta hautetsi gehiagori parte hartzeko eta lotarako deia egin die Bagoaz-ek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.