RNk zer arrisku dakarren ikusirik, erantzukizunez bozkatzera deitu du Fronte Popularrak

Ipar Euskal Herriko aldarrikapenak Parisera eramateko gehien prestatuak direla erran dute. Bigarren itzulirako hautesle gehiago konbentzitzeko konfiantza dute. EAJk ere eskuin muturrari buru egitera deitu ditu Ipar Euskal Herriko hautesleak.

Fronte Popularreko hautagaien prentsaurrekoa, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Fronte Popularreko hautagaien prentsaurrekoa, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2024ko uztailaren 2a
17:58
Entzun

Frantziako Asanblearako hauteskundeen bigarren itzuliari begira «esperantza» eta «konfiantza» helarazi nahi izan dituzte Ipar Euskal Herriko Fronte Popularreko hautagaiek Baionan egin duten agerraldian. Lehen lekuan ezarri zituzten hiru hautesbarrutietako hautesleek lehen itzulian, eta igande honetan emaitza hori berretsiko dutela espero dute. Baina, ez dute eskuin muturraren arriskua baztertu: «mobilizazioa hasi besterik ez da egin», adierazi du Peio Dufau EH Baiko kide eta seigarren hautesbarrutiko hautagaiak. «Erantzukizunez» jokatzera deitu ditu herritarrak eta eragileak Colette Capdevielle PSko kide eta bosgarren hautesbarrutiko hautagaiak. 

Lehen aldia da Frantziako ezkerra eta EH Bai gisa horretako aliantza batean bildu direna. Igandeko emaitzek ahalegin hori islatzen dutela uste dute Fronte Popular Berriaren izenean aurkeztu diren hautagaiek. Militanteek, gizarte zibilak eta herritarrek azken asteetan izan duten mobilizazioa azpimarratu dute. «Soilik hiru astetan, itxaropen mezu bat zabaldu dugu; uztailaren 7an bultzada positibo hau sostengatu behar da».

Konfiantza dute herritarrak konbentzitzeko duten gaitasunean. «Esperientzia dugu adostasun zabalak eraikitzen», adierazi du Dufauk. Ipar Euskal Herriko indarren «heldutasun politikoa» laudatu du Capdeviellek: «Molac Legearen inguruan, bilakaera instituzionalaren alde, etxebizitzaren arloan, elkarlanean aritu gara eragileekin». Elkarrekin lan egiteko gaitasuna duten hautetsien alde bozkatzera deitu du. «Asmo eraikitzaile horrekin defendatuko ditugu Parisen erosteko ahalmenaren hobetzea, denentzako zerbitzu publikoak, adarkatze ekologikoa edota elkarrizketa sosegatu baten eraikitzea», baieztatu du Dufauk.

EH Baiko kideak azpimarratu du gizarte zibilean inplikatuak direla, eta horiek direla «gehien prestatuak» tokiko aldarrikapenak eramateko: «Euskal Herrian duintasunez bizitzeko eta lan egiteko eskubidea, gure herriak oraino dinamikoak izatea ahalbidetzen duen laborantza laguntzea, integraziorako funtsezko ardatza den euskararen garapena, klima aldaketak ekartzen dituen arriskuen aurreikuspena...».

Eskuin muturrari aurre

Fronte Popularreko hautagaiek kezka agertu dute Batasun Nazionalak Ipar Euskal Herrian lortu dituen emaitzak direla eta, «nahiz eta lurraldean sustraitua ez izan, eta bertako errealitateari erantzuteko proposamenik ez egin». Emmanuel Macron Frantziako presidentearen politikari egotzi diote eskuin muturraren igoera: haren politika baztertzeko borondate bat ikusten dute hautesleengan. «Politika horrek gure erosteko ahalmenaren aurrekaririk gabeko degradazioa eragin du, gure gizartearen oinarriak ere higatu ditu, indibidualismoa emendatu», adierazi dute.

Hiru hautesbarrutietan izanen dituzte eskuin muturreko hautagaiak. Bosgarrenean, Florence Lasserre orain arteko diputatuak erretiratzea erabaki du; ez dute hautu hori egin Christian Deveze Kanboko (Lapurdi) auzapez, eta seigarren hautesbarrutiko Ensembleko hautagaiak, eta Jean Lassalle laugarren hautesbarrutiko hautagaiak. Konfigurazio horiek sortzen duten arriskua aipatu dute NFPko kideek: «Devezek espero du Errepublikanoetako hautesleek harentzat bozkatuko dutela; guk kezka dugu boto horiek eskuin muturrera joan daitezkeelako», adierazi du Dufauk.

Izan ere, Victor Lastequere RNko seigarren hautesbarrutiko hautagaiak LRko etiketa bereganatu du hauteskunde hauetan, Eric Ciotti LRko presidenteak Batasun Nazionalarekin egindako aliantzaren izenean aurkeztu baita. Emmanuel Brisson LRko hautagai ofizialak astelehenean salatu zuen alderdiaren fitxategia «lapurtu» zuela Lastequerek, alderdi kideak bigarren itzulian haren alde egitera deitzeko. Brissonek Deveze bozkatzera deitu du. 

Batasun Nazionalaren programa beldurrean oinarritzen dela erran dute NFPko hautagaiek. «Ez dezagun amore eman oztopoen aitzinean: eskuin muturrari irabazteko hoberen kokatuak diren hautagai aurrerakoi eta humanistei eman behar zaie botoa», erran dute. Capdeviellen hitzetan, «erakustaldi politiko bat» gertatu behar da igandean, Batasun Nazionalak ahalik eta emaitzarik apalena eskura dezan Ipar Euskal Herrian. 

EAJ, «faxisten» kontra

EAJren Ipar Buru Batzarrak bilkura egin zuen atzo arratsean, eta bigarren itzulirako lehian eskuin muturraren kontra egitera deitu ditu Ipar Euskal Herriko hautesleak. Gogora ekarri dituzte 1936an Franco jeneralak Espainiako gobernu errepublikanoaren kontra egindako estatu kolpearen ondotik hasitako gerla zibila eta haren ondorioak. «1895etik zutik da EAJ; ez dio inoiz amore eman ideologia faxistari», adierazi dute ohar batean. «Duela 88 urteko altxamendu frankistaren garaian, EAJk Euskal Herriarentzako autonomia estatutu bat lortu zuen, sozialistekin, komunistekin, ezker errepublikanoarekin... Frankismoaren eta geroago nazismoaren kontra borrokatu zen EAJ, Frantziako erresistentziaren ondoan». Bigarren Mundu Gerlaren bukaeran De Gaulle jeneralak Gernika batailoiari egindako agurra erantsi diote prentsari bidalitako agiriari.

«Lurralde honen ikuspegi bat ekartzen dugu, bere berezitasunen aitortzan, eta errespetuaren eta demokraziaren balioetan oinarritua. Ikuspegi hau guztiz bateraezina da RNren egitasmoarekin»EAJ 

Euskal Herriarentzat eskuin muturrak dakarren «arriskua» ikusirik, EAJk «erantzukizunez» bozkatzera deitu du, «urteetan eraiki dituen adostasun zabalengatik, dituen balio humanistengatik, Ipar Euskadin azkartuz doan indarrarengatik». Erran dute «kezkaturik» daudela eskuin muturreko hautagaiek bigarren itzulian hautatuak izateko aukera dutela eta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.