Kazetarien aitzinean zutik, eta Lapurdi kostaldeko eta barnealdeko hainbat auzapezek inguraturik abiatu du Frantziako Asanblearako hauteskundeetako bigarren itzulirako kanpaina Christian Deveze Kanboko (Lapurdi) auzapez eta seigarren hautesbarrutiko Ensembleko hautagaiak Bidarten (Lapurdi). Fronte Popular Berria eta Batasun Nazionala parez pare jarri, eta «bi muturren» aitzinean bere aldeko «boto utila» ematera deitu du. Florence Lasserre bosgarren hautesbarrutiko diputatu ohiak bigarren itzuliko lehiatik erretiratzea erabaki zuen astelehenean. Batek baino gehiagok hala eskatu badiote ere, ez du halakorik eginen zentro eskuineko hautagaiak, eta bere zilegitasuna defendatu du.
Konbentzitua da Deveze zentro eskuineko proposamen «sendo» batekin Errepublikanoen botoak eta NFPkoen batzuk ere eskuratu ditzakeela bigarren itzulian. «Fronte Popularraren barnean badira alderdi errepublikarrak, ez dutenak halabeharrez Peio Dufauren hautagaitzaren alde eginen. Alde anitzetako botoak eskuratu ditzaket». Ipar Euskal Herriko hautetsien babes zabalarekin agertu da. Horien artean dira, besteak beste, Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria, Jean Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako departamenduko presidentea, eta Angeluko, Miarritzeko, Donibane Lohizuneko, Bidarteko, Arrangoitzeko, Senpereko, Zuraideko, Ezpeletako, Larresoroko, Luhusoko eta Jatsuko auzapezak.
Peio Dufauren eta Batasun Nazionalaren artean ezberdintasuna egiten duela erranik ere, «bi fronteak» parez pare eman, eta «[Frantziako] Errepublika eta demokrazia salbatu» behar direla adierazi du. «RN ez da sekula boterea izan. Populistak dira, eta proposamen hertsi bat dute». Fronte Popularraren osaketa ere kritikatu du, eta iradoki du ez direla ezertan ados. «Harritzen nau abertzaletasun erradikala eta Frantzia Intsumisoa elkartu izana». LFIko «jakobinoek» lor lezakete Fronte Popularrean ordezkaritza zabalena Devezen hitzetan; kezka agertu du, besteak beste, «eskualdeko hizkuntzen» inguruan izan lezaketen jarrerarekin.
Baina Batasun Nazionalaren eta Fronte Popularraren programa ekonomikoen kontra mintzatu da gogorren. «NFPren programa baztertzeko, aski da zenbaki batzuri so egitea». Baieztatu du 300 mila milioi euroko kostua lukeela eta «herritarren zergapetzean» oinarritzen dela. «Enpresen kontrako zergak» ezarriko dituztela erran du, eta Europako itunekin «konfrontazioa» bilatuko dutela. Ororen buru «Frantziaren ahultzea» ekarriko duela erran du. Batasun Nazionalaren kasuan, egunero haien programa murrizten ari direla erran du, haien «amateurismoa» kritikatuta; zor publikoaren «okertzea ekarriko luketela uste du.
Beste balio batzuetan oinarritzen den «zentralismoa» defendatu du Devezek: «deszentralizatzailea, lurraldeko identitatearen aldekoa, ordenaz eta segurtasunaz arduratzen dena, enpresa txikien egoeraz erne dena». Ensembleko hautagaiak baieztatu du ez dela «gehiengo presidentzialik» izanen, baina «gehiengo parlamentario» bat eraikitzeko borondatea agertu du.
Melenchonen mamua
Eskuin muturrak bezala, Jean Luc Melenchon Frantzia Intsumisoko buruaren mamua erabili du Devezek Fronte Popularraren kontra egiteko. Haren iritziz, ez da RNren eta NFPren arteko «hierarkiarik», eta «izurritea eta koleraren» artean hautua egitea dela erran du. Hala, adierazi du LFIrekin aliantza eginez abertzaleek «arima saldu» dutela: «Peio Dufauren ahotsak indar gutxi izanen du». Ezkerrarentzat bozkatzea Melenchon lehen ministro izatera eramatea dela baieztatu du behin baino gehiagotan. «Nahiago dut Matignonen bandera urdin, zuri eta gorria ikusi, eta ez bandera palestinarra».