Rita Peña torturaren kontrako ekintzailea hartu dute Hualdek eta Ollok

Nafarroako Torturatuen Sareak antolatutako jardunaldietara etorri da Peña Iruñera.

Ollo eta Peña, gaur, Iruñean. NAFARROAKO GOBERNUA
Ollo eta Peña, gaur, Iruñean. NAFARROAKO GOBERNUA
gurutze izagirre intxauspe
2024ko azaroaren 22a
14:40
Entzun

Rita Peña Txileko torturaren kontrako ekintzailea Iruñean da gaur. Nafarroako Torturatuen Sareak antolatutako jardunaldietan parte hartzera etorri da. Goizean harrera egin diote Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidenteak eta Ana Ollo Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak. Peña Ainara Gorostiaga eta Marilo Gorostiaga Nafarroako sareko kideekin egon da Hualderen harreran.

Peña Augusto Pinochet diktadorearen garaian atxilotu eta torturatu zuten. 2003an espetxe politikari eta torturari buruzko Txileko Valech batzordean parte hartu zuen, eta bere esperientziaren inguruan mintzatzeko etorri da. Azpimarratu du ezen, tortura auzietan, urrats txikiak izanda ere, aurrera egitea dela garrantzitsuena. «Txileko esperientziak erakutsi digu emandako pausoak, nahikoa ez izanda ere, esanguratsuak direla. Juridikoki, ekonomikoki, hezkuntza mailan edo giza eskubideetan aurrera egiteko urratsak dira. Besteak beste, espetxe eta tortura lekuak aitortu dira. Bide horretan segitu behar da».

Gorostiagak salatu du egiaztatze batzordeek zailtasun handiak izaten dituztela giza eskubideei lotutako auziak argitzeko orduan.

Hualdek gogora ekarri du zer pauso eman diren Nafarroan bide horretan. Aitortu du oztopoz betetako bide bat izan dela, PPk eta Voxek jarritako helegiteengatik besteak beste, baina dagoeneko motibazio politikoko 32 biktima aitortu dituztela gogoratu du; haietako hamabost, torturatuak.

Ollok ere hartu du Peña. Txilen egindako lanaren berri eman dio Nafarroako Gobernuko lehendakariordeari. Ollok Nafarroako Gobernua testuinguru biktimologikoetako biktimekin egiten ari den lanaren berri eman dio ekintzaile txiletarrari. Besteak beste, motibazio politikoagatik Foru Gobernua ofizialki aitortzen hasi den torturaren biktimak, urteetan ahaztuta egon ondoren.

Nafarroako torturatuen sarean antolatutako jardunaldiak gaur arratsaldean dira, Iruñeko Planetarioan, Giza Eskubideen batzordeak, oztopoak, lorpenak eta erronkak izenburupean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.