Rios: «Bake prozesua geldituta dago, eta orain da urratsak egiteko garaia»

Lokarriko koordinatzaileak uste du hauteskundeen aurretik eman behar direla pausoak.Alderdien artean «elkarrizketa gunea» sortzea nahi du

2014ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
«Bakegintzak udan ere ez du etenik», hala esan du Paul Rios Lokarriko koordinatzaileak. Nahiz eta uda hau ez den inoizko «onena» izan. «Bake prozesua geldituta dago, eta orain da urratsak egiteko garaia», esan du Riosek Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean. Lokarriko kidearen ustez, 2015eko maiatzean egingo diren udal eta foru hauteskundeak iritsi aurretik eman behar dira «pausoak», ahal dela, «abendua baino lehen».

Riosek ez du «itxaropenik» Espainiako Gobernuarengan: «Zoritxarrez, badakit ez dutela estrategia aldatuko». Beraz, beste «aukera» batzuk aurkitu behar direla deritzo, esaterako, alderdi politikoen arteko «elkarrizketarako gunea» sortzea eta gune horretan «akordioak» lortzea.

«Egia da orain askoz hobeto gaudela», baieztatu du Lokarriko kideak: «ETAren indarkeria amaitu da, eta alderdi politiko guztiak daude ordezkatuta Eusko Legebiltzarrean». Baina Lokarriko kidearen ustez, ez da «nahikoa». Esan du bake prozesu batek beti egon behar duela martxan eta Euskal Herrikoa «geldituta» dagoela.

Urrats berriak

ETAk egindako pausoak «positiboak» direla uste du Riosek, baina ez direla «nahikoak». Haren iritziz, ETAk eginkizun bat du: «Desarmatze prozesuan urrats berriak egitea».

Horretan Nazioarteko Harreman Taldeko kideen laguntza beharrezkoa izan dela aitortu du Lokarriko koordinatzaileak, baina bake prozesua «euskal herritarrek» eraiki behar dutelakoan dago. Dena den, jakinarazi du udazkenean direla etortzekoaketa «eskertzekoa» dela haien laguntza.

Presoen auzian bi zati bereizten ditu Riosek: alde batetik, giza eskubideen errespetua, eta, bestetik, gizarteratze prozesua. Giza eskubideen errespetuari dagokionez, uste du presoen eskubideak «beti» bermatu behar direla eta egun ez direla bermatzen. Gizarteratze prozesuan, aldiz, EPPKri eta ezker abertzaleari eskatu die «pauso berriak» emateko.

Bake prozesuan Loiuko gertaerak izan dezakeen kalteaz ere mintzatu da Rios, eta positibotzat jo du ezker abertzaleak Loiun erretako autobusen auziaren inguruan izandako erreakzioa. Gertaerak «kezkatzen» badu ere, ez du uste indarkeriaren amaierak atzera bueltarik duenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.