Nafarroak aurreko egunetan baino lurrikara indartsuagoak erregistratu ditu bart. Gauerdian gertatu da nabarmenena, eta haren atzetik etorri dira erreplika txikiago batzuk. Gehienen epizentroa Lizoainibar-Arriasgoiti udalerria izan da.
Lurrikara horiek sumatu dituzte, Nafarroan ez ezik, baita Gipuzkoako zenbait herritan ere, besteak beste Donostian eta Hernanin. Euskal Herritik kanpoko zenbait lurraldetan ere bai: Aragoin, Errioxan eta Katalunian.
Espainiako Geografia Institutuak 00:02an erregistratu du lehenengo lurrikara, indartsuena: Richter eskalako 4,6 gradukoa. Hurrengo minutuetan, 2,9 graduko eta 1,9 graduko beste bi ere jaso dituzte, eta, 00:54an, indartsuago bat: 3,4 gradukoa. 01:37an, 3,7 graduko astinaldi bat erregistratu dute Eguesibarren (Nafarroa), eta minutu gutxiko tartearekin gertatu dira erreplikak, Lizoainibar-Arriasgoitin eta Eguesibarren.
02:21ean, 4,4 graduko lurrikara bat erregistratu dute Lizoainibar-Arriasgoitin, eta hark ere 2,7 gradura arteko erreplikak izan ditu hurrengo hiru orduetan.