Richar Vaquero izendatu dute Ahal Dugu-ko Euskadiko koordinatzaile nagusi

Pilar Garridoren tokia hartuko du Vaquerok, Miren Etxebeste Gipuzkoako batzarkideari ozta-ozta irabazita. Militantzia «berreskuratzea» jarri du helburu.

Richar Vaquero Ahal Duguko batzarkidea eta koordinatzaile nagusia EAEn. AHAL DUGU
Richar Vaquero Ahal Duguko batzarkidea eta koordinatzaile nagusia EAEn. AHAL DUGU
Iñaki Etxeleku.
2024ko abenduaren 14a
14:00
Entzun

Richar Vaquero bilbotarrak hartuko du Ahal Dugu-ren gidaritza aurrerantzean, militanteek hala erabakita. Alderdiaren Euskal Autonomia Erkidegoko Herritarren Batzarrak haren alde bozkatu duela jakinarazi du taldeak; botoen %46,5 jaso ditu, 402 boz. Doi-doia hamazazpi bozez antzindu du Gipuzkoako Batzar Nagusietako alderdiko bozeramaile Miren Etxebeste —385 boto lortu ditu—. Vaquerok alboan izango du Maite Gartzia koordinatzaile nagusiaren alboko gisa. Errenteriako (Gipuzkoa) zinegotzia da Gartzia.

Vaquero Ahal Dugu-ko Bizkaiko Zirkuluen bozeramailea da, eta 2023tik da Ahal Dugu-ko hautetsi Bizkaiko Batzar Nagusietan. 51 urte ditu, eta lanbidez psikopedagogoa da. Psikologia klinikoan master bat dauka, eta gatazken bitartekaritzan espezializatua da.

Militantzia «berreskuratzea»

Eskerrak eman dizkie parte hartzaile guztiei. Helburu nagusien artean jarri du militantzia berreskuratzea, indarra berreskuratzea kalean: «Garbi baitaukagu militantziarik gabe ez dagoela Zirkulurik, eta Zirkulurik gabe ez gara iristen gizarte mugimenduetara. Guretzat hori funtsezkoa da».

Gartziak ere kalea berreskuratzeko premia azpimarratu du, «gu Podemos garelako, kaletik gatoz, eta puntu horretara itzuli nahi dugu».

Izan ere, ez da egoera samurrean Ahal Dugu. Duela hamarkada bat sortu zen Podemos Espainian, eta Hego Euskal Herrian emaitza oso onak izan zituen sorrera hartan. 2015eko eta 2016ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan 300.000 bototik gora eskuratzera iritsi zen, lehen indar bilakatuta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Haiek izan ditu emaitzarik onena. Foru aldundi, udal eta Jaurlaritza zein Nafarroako Gobernurako bozetan apalagoak izan ditu emaitzak, baina 2016an 11 ordezkari izatera iritsi zen Eusko Legebiltzarrean, Pili Zabala lehendakarigaitzara aurkeztuta. Nagua Alba zen orduan idazkari nagusi.

Orduz geroztik, baina gain beheran sartu zen. 2020an sei ordezkari lortu zituzten Eusko Legebiltzarrerako. Pilar Garridok hartu zuen koordinatzaile nagusi kargua 2020an. Sumar sortu zen gero, eta zatiketa alderdi morearen kalterako izan zen. Aurtengo apirilean izan diren hauteskundeetan ordezkaritzarik gabe geratu dira Eusko Legebiltzarrean. Batzar Nagusietan eta hainbat udalerritan eusten diete ordezkaritza apalei. Vaqueroren erronka izango da behinola izandako indarra berreskuratzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.