Eusko Jaurlaritzako sailburuek uda aurretik ekin zioten euren lantaldeak finkatzeari, eta, urte politikoari ekitear, lan horri heldu diote berriz ere. Azkena, Bingen Zupiria Segurtasun sailburua izan da. Ricardo Ituarte eta Joana Egiluz izango dira haren sailburuordeak, Segurtasun eta Babes Zibileko sailburuordetzetan, hurrenez hurren. Era berean, baina, orain arte bere ibilbide politikoan bidelagun izan dituen zenbait kide ere eraman ditu Segurtasun Sailera: Noticias taldeak argitaratu duenez, Miren Dobaran Arkautiko Akademiako zuzendaria izango da, eta Miriam Anitua, Giza Baliabide eta Kudeaketa Ekonomikoko zuzendaria.
Zupiriak aldaketa ugari egin ditu sailean, baina badu Josu Erkoreka sailburu ohiaren lantaldearen eta berearen arteko lotura nork egin. Ricardo Ituarte izango da hori. Izan ere, aurreko legealdian Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendari eta, azken hilabeteetan, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuorde izan zen hura. Orain, baina, bestelako lan bat egokituko zaio: Ertzaintzaren segurtasun arloko kudeaketa gidatzea, eta polizien arteko koordinazioa. Ituarte Santurtziko (Bizkaia) alkate izan zen 2007tik 2015era, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailean ere aritu zen Jon Darpon sailburu ohiarekin, ekonomia eta finantza arloan.
Ituartek orain arte egindako jarduna, berriz, Joana Egiluzek beteko du, baina izena aldatuko diote: Babes Zibileko sailburuordetza izango da. Hala, haren esku egongo dira larrialdiak, meteorologia, trafikoa, hauteskunde prozesuak eta ikuskizunak. Egiluz zuzenbidean graduatua da, eta bederatzi urte daramatza Eusko Jaurlaritzan lanean; besteak beste, Lehendakaritzako aholkulari juridiko gisa aritu da. Era berean, Arabako Batzar Nagusietako EAJren batzarkide izan zen uztailera arte.
Zupiriaren ibilbidearekin lotura estuagoa dute jakinarazi diren beste bi izendapenek. Horietako bat da Miriam Anituarena. Hark EITBn egin du bere ibilbide profesionalaren zati handiena; besteak beste, informazio eta kirol operazio eta produkzioen zuzendari izan da. Era berean, Donostiako Tabakalerako kudeatzaile ere izan zen. Orain, baina, Segurtasun Sailak aurrez aurre duen lehentasun nagusietako bati heldu beharko dio: aurreko legealdian Erkorekak Ertzaintzako sindikatu korporatiboekin itxi ezin izan zuen lan gatazka. Izan ere, Giza Baliabide eta Kudeaketa Ekonomikoko zuzendari gisa, harena da saileko aurrekontuen eta Ertzaintzako giza baliabideen ardura.
Aurreko legealdian, Zupiria Hizkuntza Politikako sailburu zela, haren albokoa zen Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordea. Eta legealdi berriarekin, harekin lanean jarraituko du. Zehazki, Arkautiko Akademiako zuzendaria izango da. Anituaren kasuan bezala, Dobaranenean ere lehen aldia izango da segurtasun arloan arituko dena. Euskal Filologian lizentziatua, Dobaran Lauro ikastolako zuzendari izan zen, baita Berangoko (Bizkaia) alkate ere.