Eguzkia atera berritan, Puerto de Santa Mariako espetxetik irtendako ibilgailua atzo heldu zen Iruñeko beilatokira, Xabier Reyren hilotza barruan zuela. Errepidearen bi aldeetan herritar talde batek txaloka hartu zuen. Ikurrinak eta presoak Euskal Herriratzearen aldeko banderak zituzten. Ibilgailua eraikin barrura sartu aurretik aurreskua dantzatu zuten Reyren omenez bi dantzarik. Ondoren, Eusko Gudariak abestu zuten. Handik ordu gutxira, Sortuko, Ernaiko eta LABeko ordezkaritza batek sendiari doluminak azaldu zizkion, eta Miren Zabaletak «behingoz» presoen auzia konpontzea galdegin zuen.
Lore sorta bat eskuetan zutela bertaratu ziren Iruñeko Irache beilatokira Miren Zabaleta, Garbiñe Aranburu, Lur Albizu, Arkaitz Rodriguez, Igor Arroyo eta Mikel Urdangarin. Ezker abertzaleko ordezkaritzak bere «babesa eta maitasuna» adierazi nahi izan zien Reyren senide eta lagunei. Era berean, Zabaletak gogora ekarri zuen torturapean egindako adierazpenetan oinarritu zirela 26 urteko espetxe zigorra ezartzeko eta azken hamar urteak lehen graduan egin zituela, Iruñetik mila kilometrora. «Herri honek ez du preso bakar bat gehiagoren aurrean negar egin nahi, ez du nahi halako heriotzarik gehiago entzun». Espainako Gobernuari eskatu dio indargabetu dezala «euskal preso politikoei ezarritako salbuespenezko legedia». Ezker abertzale osoari eskatu dio «bultzatu eta lagun» dezala ahalegin horretan.
Arratsaldean, EH Bilduren ordezkaritza zabal bat gerturatu zen beilatokira, sendiari doluminak ematera. Bertan ziren Arnaldo Otegi, Maddalen Iriarte, Miren Aranoa, Adolfo Araiz eta Pello Urizar. Otegik gogora ekarri zuen udan antzeko egoera bat bizi izan zutela Kepa del Hoyo presoaren heriotzarekin. «Espainiako Estatutik albiste txarrak baino ez datoz», adierazi zuen.
Otegik erantzukizun politikorako deia egin zuen: «Askok elkarbizitzaren esparrua lehia politikorako erabiltzen dute, etekin politikoak atera nahi dituzte sufrikariotik. Gu horren guztiz kontra gaude». Nabarmendu zuen egun iraganari eta gatazkari lotutako «giza eskubideen urraketa bakarra» presoek eta familiek pairatzen dutela. Otegiren arabera, asteburu bakoitza «erruleta bat da» eta, horregatik, egoera horri amaiera emateko «arinkeria gutxiago eta ardura gehiago» aldarrikatu ditu.
Gaur azken agurra egingo diote Xabier Reyri, Iruñeko hilerrian, 13:00etan. Hiru ordu lehenago, LAB sindikatuak, Irurtzungo Neumaticos Iruña enpresan kontzentrazioa deitu du, eta 12:00etan beste bat Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean. Bihar, berriz, manifestazio nazionalera deitu du Kalera Kalera dinamikak, 17:00etan.
EAJren salaketa
EAJren Bizkai Buru Batzarrak salatu eta gaitzetsi du hainbat batzokitan (Bilboko Sabindarraken, Portugaleten, Gernikan, Mungian, Busturian eta Lekeition) jeltzaleen aurkako mezuak azaldu direla. EAJ hiltzaile zioten horietako batzuek. Gainera, PSEren Portugaleteko eta Santurtziko egoitzetan PSOE-PP hiltzaileak eta Agur eta ohore Xabi mezuak margotu zituzten ezezagunek. EAJren arabera, «tokiz eta denboraz kanpo» daude halakoak,eta ezker abertzaleari hausnarketa bera egiteko eskatu dio. Jeltzaleen arabera, zilegi da presoen eskubideak aldarrikatzea. Eurak ere sakabanaketaren aurka daudela azpimarratu dute.
Reyren gorpuari harrera egin diote, eta konponbidea eskatu presoentzat
Zabaletak espetxe politika indargabetzea galdegin du, eta Otegik ardura politikoa eskatu die eragileei. Gaur egingo diote azken agurra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu